Txirrindularitzarako zaletasuna noiz eta nola sortu zitzaion azaltzen du Ciclismo a fondo aldizkariak Koro Gabiolari eskaini dion artikuluak. Besteak beste, gurpil gaineko kirolera berandu, “30 urte beteta”, iritsi zela azaltzen du Korok, aurrez eskiatzen, igerian edo antxintxika ibiltzen bazen ere. Mendiko bizikletarekin hasi zen eta urtebetera errepidekoa erosi zuen. Izan ere, hasi eta segituan bizikletaren mendera erori zela aitortzen du Korok Miguel Angel Chicok idatzitako artikuluan. Iñakik, bere bikoteak zeresan handia eduki zuela gaineratzen du: “berari esker hasi nintzen txirrindularitzan eta, hasieran, pazientzia handia izan zuen nirekin. Asko animatu ninduen”, dio.
Neguan ez duela bizikleta ukitzen dio: “iraupen eskia egiten dut”, baina eguraldi ona hasi bezain pronto hasten da bizikleta gainean kilometroak pilatzen. Taldean ibiltzea “gozamena” iruditzen bazaio ere askotan bakarrik ibiltzen da: “Burua buruhaustez hustu eta egunerokotasunari aurre egiteko bizkortzen nau”. Iaz, zikloturisten martxetan parte hartzen hasi zela ere aipatzen du. Hala, Mireya Garciaren omenezko Bilbao-Bilbaon eta Quebrantahuesos ezagunetan parte hartu zuen, besteak beste. Aurten Quebrantahuesosen errepikatzeko asmoa dauka. Iaz zortzi ordutan amaitu zuen. Bere helburua, hala ere, “hasieratik bukaerara arte ondo pasa eta debutean baino gutxiago sufritzea da”. Puertos de La Ribagorza eta Dolomitetako Maratona ere begiz jota dauzka aurtengorako.
•Emakume gehiago errepidean
Orain bost urte bizikletan ibiltzen hasi zenetik hona igarri duen aldaketa handi bat ere nabarmendu du Korok, errepideetan ikusten den emakume kopuruaren gorakada, alegia. “Gero eta neska gehiago ikusten dira zikloturista martxetan zein errepidean. Ni hasi nintzenean emakumeentzako materiala erostera joan eta apenas aurkitu zitekeen ganorazko ezer, pentsa. Emakume guztiak animatu nahi nituzke txirrindularitza probatzera".

- Ikusi hemen: artikulua osorik Ciclismo a fondo aldizkarian (erdaraz)