Honenbestez bi dira, istripuaren ondorioz hildakoak: 17 urteko neska gaztea tokian bertan hil zen eta gidaria, 20 urteko mutila, bart hil zen Donostia Ospitalean. Auto berean, atzeko aldean, zihoazen beste bi gazteak, biak ala biak 16 urtekoak, oso larri zaurituta daude, bietako bat bereziki, Debagoieneko Ospitalean bata eta Mendaroko Ospitalean bestea.
Zorigaiztoko ezbeharra N-634 errepidean, Elgoibar eta Maltzaga artean (Saturixo baserritik gertu), gertatu zen atzo (apirilak 8), 20:30ak aldera. Volkswagen Transporter furgoneta batek eta Volkswagen Golf auto batek aurrez aurre elkar jo zuten. Talka bortitzaren ondorioz, autoan zihoazen lau bidaiariak barruan harrapatuta geratu ziren eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten. Istripuaren ondorioz, 17 urteko neska bat hil zen tokian bertan, eta beste hiru pertsona (16 urteko bi neska eta 20 urteko mutil bat) Mendaro, Debagoiena eta Donostia ospitaletara eraman zituzten. Gauerdia izateko gutxi falta zela, gizonezkoaren (gidaria) heriotzaren berri eman zuten Donostia Ospitaletik.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, furgonetan zihoazen bi bidaiariak (38 urteko emakume bat eta 32 urteko gizon bat) Debagoieneko Ospitalera eraman zituzten.
Istripua izan zuten ibilgailuak errepidean gurutzatuta geratu zirenez, N-634 errepidea itxi eta zirkulazioa Elgoibartik bideratu behar izan zuten. Gaueko hamabiak jota zirela zabaldu zuten berriz errepidea.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, zorigaiztoko ezbeharra zerk eragin duen argitze aldera. Hildakoak Eibarrekoak zirela jakinarazi dute Herrizaingo Saileko iturriek.
Bideoa eitb.com-en: