Lau dira atzoko auto istripuan hildako gazteak

elgoibarren.net 2010ko api. 9a, 12:55

Lau dira atzo Maltzaga eta Elgoibar artean izandako istripuan hildako gazteak. Herrizaingo Sailak jakinarazi du Gasteizko Santiago ospitalean ingresatuta zegoen 16 urteko neska arratsaldean hil dela. Eibarko Udalak dolu eguna izendatu du biharkoa, istripuan hildako lau gazteak eibartarrak direlako. Era berean, goizean, minutu bateko isilunea gorde dute Euskal Herriko Itzuliko etapa hasieran.


Argazkia: EFE.

 Hogei urteko mutil bat, 17 urteko neska bat, eta 16 urteko beste bi neska dira hildakoak. Auto berean zihoazen lau gazteak.
 Zorigaiztoko ezbeharra N-634 errepidean gertatu zen, Elgoibar eta Maltzaga artean (Saturixo baserritik gertu), 20:30ak aldera. Volkswagen Transporter furgoneta batek eta Volkswagen Golf auto batek aurrez aurre jo zuten. Kolpearen ondorioz, autoan zihoazen lau bidaiariak barruan harrapatuta geratu ziren, eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten. Istripuaren ondorioz, 17 urteko neska bat bertan hil zen, eta beste hiru pertsona (16 urteko bi neska eta 20 urteko mutil bat) Mendaro, Debagoiena eta Donostia ospitaletara eraman zituzten. Gauerdia izateko gutxi falta zela, gizonezkoaren (gidaria) heriotzaren berri eman zuten Donostia Ospitaletik.

  Ertzaintzak jakinarazi duenez, furgonetan zihoazen 38 urteko emakumezkoa eta 32ko gizonezkoa zaurituta eraman zituzten Debagoieneko Ospitalera. Haiekin zihoan bi urteko semeak ez zuen zauririk izan. Horiek ere eibartarrak dira.

 Istripua izan zuten ibilgailuak errepidean gurutzatuta geratu zirenez, N-634 errepidea itxi, eta zirkulazioa A-8 autobidetik bideratu behar izan zuten. 00:00ak aldera zabaldu zuten berriz errepidea.

 Ertzaintzak ikerketa abiatu du, zorigaiztoko ezbeharra zerk eragin duen argitze aldera. Lekuko bila ari dira ertzainak, eta telefono zenbaki bat jarri dute, norbaitek zerbait ikusi balu deitzeko. 943 539 125 

Bideoa eitb.com-en:
 
Lotura duten albisteak: