Zazpi garagardo mota, bereziak zein normalak, dastatu ahal izango dira Elgoibarko I. Garagardo Jaian, baita alkoholik gabekoak ere. Janaririk ere ez da faltako: saltxitxak, txerri-ukondoak, patata frijituak… Jan edana girotuko duten musika emanaldiak eskainiko dituzten taldeen bila ere ari dira antolatzaileak.
Garagardo jaia apirilaren 22an (eguena) inauguratuko da, 18:30ean. Antolatzaileen nahia, herriko kultur, kirol eta gastronomi elkarte guztien ordezkariak bertan egotea da. Barixakuan 19:00etatik 01:00etara egongo da irekita garagardo jaia hartuko duen karpa eta zapatuan, berriz, 12:00etatik 01:00etara. Azken egunean, apirilaren 25ean, 12:00etatik 17:00etara egongo da irekita.
•Kartel lehiaketa
Trinitate jaietako danborrada iragartzeko kartelik onena aukeratzeko bosgarren lehiaketa martxan da.
OINARRIAK
1. Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.
2. Teknika librea izango da (argazkia, diapositiba, pintura, marrazkia, collagea, e.a.). Lanak euskarri gogorrean aurkeztuko dira.
3. Lanaren neurria honako hau izango da: A-2 edo proportzionala.
4. Ezinbestekoa izango da ondorengo testua agertzea, diapositiba bidez aurkezturiko lanetan izan ezik:
“ELGOIBARKO DANBORRADA 2010. Maiatzaren 29an, gaueko 12:00etan”
5. Saria 300 €-koa izango da.
6. Lanak Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, 2010eko APIRILAREN 30eko, 13:00ak, baino lehen.
7. Lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira eta atzeko aldean “leloa” eraman beharko du. Honekin batera, kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak eta NANaren fotokopia bidaliko dira, eta kartazalaren gainean lanaren “leloa” jarriko da.
8. Saritu gabeko lanak epaimahaiaren erabakia jakinarazi ondoren jaso ahal izango dira. Horretarako, 30 eguneko epea izango da. Aipatutako epean lanak jaso ezean, egileak galdutzat eman dituela pentsatuko du Udalak; ondorioz, egileari inolako eskubiderik aitortu eta ordainik eman gabe, egoki irizten dion moduan erabiliko ditu.
9. Saritutako lana Udalaren eskuetan geldituko da. Halaber, inprimatzeko, argitaratzeko, ezagutarazteko eta gainontzeko eskubide guztiak Udalak berak izango ditu.
10. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da. Erabakia hartuko den egun berean jakingo da epaimahaia nork osatuko duen. Epaimahaiak argituko ditu oinarri hauei buruz sor daitezken zalantzak.
11. Lehiaketara aurkezteko oinarriak, goitik behera onartu behar dira.
• Informazio gehiago Udaleko Kultura Sailean (943 74 21 58)