Zazpi urteren ondoren, errugabe jo dituzte Egunkaria-ko bost auzipetuak

elgoibarren.net 2010ko api. 12a, 12:56

 
Zazpi urteren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak errugabe jo ditu Euskaldunon Egunkaria-ko sumario nagusian auzipetutako bost lagunak (Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga).

 
 Fiskalaren eta Egunkaria-ko defentsaren eskaerarekin bat egin du azkenean Auzitegi Nazionalak.  Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiak urte guzti hauetan herriz herri jasotako babesa eskertu du. Elgoibarren ere, berrehundik gora lagun elkartu ziren Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko elkartasun erretratua ateratzeko (goiko argazkian), eta 2.100 euro jaso ziren. Mendaron, 235 bat lagun elkartu ziren, eta guztira, 2.700 euro inguru batu dira Egunkariaren alde.
 

 250 lagunetik gora elkartu ziren Mendaron 'Euskaldunon Egunkaria'-ren kontrako auzia salatzeko iazko abenduan.

Iazko abenduaren 15ean hasi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren inguruko epaiketa, eta joan den otsailaren 1ean bukatu zuten. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatzen dute epaimahaia.
Miguel Angel Carballo fiskalak eta defentsak Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen absoluzioa eskatu zuten epaiketan, haien kontrako frogarik ez dagoela iritzita. Egunkaria argitaratu zen hamahiru urtean ez zela egunkaria ETArekin lotzen zuen inolako frogarik aurkitu arrazoitu zuen fiskalak.

Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, Torrealdai, Uria, Auzmendi eta Otamendi 14na urtez espetxeratzeko eskatua dute, eta, horrez gain, bakoitzari hamabosna urteko inhabilitazioa ezartzeko. Oleagarentzat hamabi urteko kartzela zigorra eta hamalu urteko inhabilitazioa eskatua dute.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Egunkaria Guardia Zibilak, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, kazetak eta ETAk lotura zutelakoan. Hamar lagun atxilotu ziuzten eta haietako askok torturak jaso izana salatu zuten.

Auzi ekonomikoan ere epaiketa egingo dute

Itxierari buruzko kasuaz gain, auzi ekonomikoa ere badago, eta zortzi lagun epaituko dituzte -ez dago epaiketarako datarik jarrita-. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu epaituko dituzte, eta haientzat 13 eta 26 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte, eta 235 milioi euroko isuna.
 
Lotura duten albisteak: