Coenagrion mercuriale
Hala du izena argazkiko sorgin-orratzak. Antzeko itxura duten beste hainbat espezie arruntagoak diren arren,
Coenagrion mercuriale ez da batere espezie arrunta, eta Europako leku jakin batzuetan bakarrik topa daiteke. Euskal Herrian populazio oso gutxi ezagutzen dira, eta horietako batean lortu nuen argazki hau ateratzea. Errekasto txikietan eta hezeguneetan aurki daiteke soilik. Habitat horiek, ordea, asko degradatu dira azken hamarkadetan, eta, horrexegatik, kinka larrian dagoen espeziea da, bizilekuak galtzen ari delako. Euskal Herrian –Europa guztian gertatu den bezala– hezeguneak ia desagertu egin dira eta horrek demaseko eragina izan du era horretako habitatetan bizi diren animalia eta landareetan.
Odonatuak
Animalia talde zaurgarrienetariko (vulnerable) bat, hain zuzen, burruntziek eta sorgin-orratzek osatzen duten odonatuen taldea da. Odonatuek bizitzeko eta ugaltzeko ezinbesteko dituzte ingurune hezeak, eta, gaur egun, bizirauteko zailtasunak agerikoak dira.
Elgoibar inguruan odonatuak ikusteko lekurik onena, ziurrenik, Sallobente bailara da. Bertan, ezin da argazkikoa bezalako espezierik aurkitu, ur geldoagoak eta zingira-itxurako inguruneak behar dituztelako biziteko; hala ere, erreketan bizi diren hainbat espezie ikus daitezke bertan, eta guztien artean errege
Calopteryx virgo (izango dugu espezie hori ezagutzeko aukera blog honetan bertan).
Eremu-sakonera
Argazki hau egokia iruditu zait eremu-sakonera zer den azaltzeko. Eremu-sakonera
kamerak hartzen duen irudian bereizmen onarekin ikusten den eremua da. Horma bati argazkia ateratzerakoan eremu-sakonera ez da arazoa izaten, horma bi dimentsiotako egitura bat delako, eta egitura guztia bereizmen onarekin ateratzea lortzen baita. Natura-argazkilaritzan, ordea, gehienetan hiru dimentsiotako objektuei ateratzen dizkiegu argazkiak. Hiru dimentsiotako objektu horiek, direla animaliak, landareak edo harriak, sakonera jakin bat izan ohi dute, eta, kasu batzuetan, ez da posible izaten sakonera hori guztia bereizmen (enfoke) onarekin harrapatzea argazkian.
Eremu-sakonera diafragmaren bitartez kontrolatzen da. Diafragmak kamera barrura sartzen den argi-kantitatea kontrolatzen du, eta, horrek, eremu-sakoneran eragin zuzena du.
Diafragma istean (f zenbaki altuak) argi gutxiago sartzen da eta
eremu-sakonera handitu egiten da.
Diafragma irekitzean (f zenbaki baxuak), berriz, argi gehiago sartzen da, eta
eremu-sakonera txikitu.
Argazki honen eremu-sakonera oso txikia da; ikus daitekeen bezala, gorputzaren zati bat eta landarearen zati bat ondo enfokatuta daude; hegoak eta begia, aldiz, desenfokatuta daude. Eremu-sakonera handiagoa balitz –diafragmaren irekidura txikituz lortuko genuke–, intsektu guztia enfokatuta agertuko litzateke. Eta esango duzue... orduan, zergatik ez zenuen diafragma itxi? Bada, hondo homogeneoago bat lortu nahi nuelako.
Eremu-sakonera handitzean hondoak difuminazioa galtzen du, eta hondo berde homogeneoa izan beharrean belarra nabarituko litzateke. Horrexegatik, komenigarria da hondoko elementuak subjektu nagusitik urrun egotea hondo homogeneo bat lortzeko, bestela subjektu nagusiaren enfoke osoari muzin egin behar izaten baitzaio.
Horrenbestez, bizitzan askotan gertatu bezala, argazkilaritzan ere erabakiak hartu behar dira, gauza batzuk beste batzuengatik sakrifikatzeraino, gainera. Hor dago, nik uste, praktika honen xarma nagusietako bat.
Ondo izan!