Auto karabana barruan topatu du lapurra jabeak, telebista ikusten

elgoibarren.net 2010ko api. 13a, 10:55

 
Hogei urteko gazte bat atxilotu du ertzaintzak Basarte kalean aparkatuta zegoen auto karabana batean indarra erabiliz egindako lapurreta delitua leporatuta. Ibilgailuaren jabeak barruan harrapatu zuen lapurra, ohean etzanda telebista ikusten ari zela. Atxilotua ohiko gaizkilea dela jakinarazi du Ertzaintzak, hamahiru bider atzeman dute-eta aurrez.

 


 Domeka gaueko bederatziak izateko minutu eskas falta zirela gertatu zen guztia. Ordu hartan, Basarte kalean aparkatuta zuen auto karabanara sartzeko zorian zegoen jabeak zerbait arraroa sumatu zuen; barruko kortinak ez zeuden berak laga zituen moduan eta sarrerako atea indarrez irekita zegoen. Barruan gizon gazte bat zegoela konturatu zen. Ohe gainean etzanda zegoen susmagarria, telebistan DVDko pelikula bat ikusten. Jabea barruan sartu bezain pronto ihesari eman zion. Eibarko ertzain etxeko hiritarren segurtasunerako patruila bateko agenteak zebiltzan inguruan lanean eta beraiek atxilotu zuten gaztea. Indarra erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatzen diote.

Atxiloketaren lekukoa
  Ustezko lapurraren atxiloketaren lekuko izan zen elgoibartar batek “pelikuletakoa modukoa” izan zela azaldu du. “Auto batetik bi sekreta irten ziren atxintxiketan, Bernardo Ezenarro kalean, errotonda ondoko zapateria parean, zegoen tipo gazte bat oratu, plakaje modukoa egin eta hormaren kontra jarri zuten. Tipua identifikatzen jardun zuten denbora batez eta inguruan bueltaka zebiltzan Ertzainen patruila bat bertaratu zen gero”.

Ohiko gaizkilea
  Atxilotua ohiko gaizkilea dela jakinarazi du Ertzaintzak: hainbat zigor aurrekari ditu eta hamahiru alditan atzeman izan dute aurrez, 2009ko Gabon Gauean azkenengoz, beste auto karabana batean lotan aurkitu ostean; orduan ere, kalteak eragin zizkion ibilgailuari.
 
Lotura duten albisteak: