Lanbide Heziketa sustatzeko azoka egingo dute zapatuan

elgoibarren.net 2010ko api. 14a, 08:26

 
Elgoibarren dagoen prestakuntza eskaintza (Lanbide Heziketa eta Ingeniaritza) ezagutarazteko ekitaldia egingo da zapatuan (apirilak 17), kultur Etxeko sotoan. Elgoibarko Udalak, IMHk eta Mekak antolatu dute, besteak beste, ikasleen artean Lanbide Heziketa sustatzeko helburua daukan azoka.




 Guraso, gazte eta interesa duen ororentzat lehen eskuko informazio baliotsua eskainiko da "azoka moduan" antolatu dituzten jardunaldietan.
 Alfredo Etxeberriak, Elgoibarko alkateak; Joxean Egañak, Makina Erreminta Institutuko (IMH) zuzendariak eta Mariaxun Larrañagak, Meka institutuko zuzendariak (goiko argazkian hirurak), eman dituzte ezagutzera ekimenaren nondik norakoak, hain justu, gurasoei eskutitz bidez aurrez adierazi zitzaizkien berberak.

Lanbide Heziketaren eta Ingeniaritzaren eredu
 Elgoibarko Udalak 2007-2011 Legegintzaldi Planean definitu zituen helburuen artean, bertako prestakuntza-eskaintza sustatu eta ezagutzera ematea aurreikusi zuen eta era horretan, Elgoibar Lanbide Heziketaren eta Ingeniaritzaren eredu bilakatzea.

 Izan ere, nabarmentzekoa da aitortutako ibilbidea duten prestakuntza-zentroak ditugula herrian, IMH eta MEKA, hain zuzen ere. Zentro horiek, Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloen eskaintza zabala dute eta IMHren kasuan, baita Txandakako Ingeniaritza ere.

 Testuinguru horretan, eta “prestakuntzak duen garrantziaz jabeturik”, urte honetan zehar Udalak zenbait ekintza planteatu ditu, Lanbide Heziketa sustatzeko helburuarekin (besteak beste, sentsibilizazio jardunaldiak ikastetxeetan eta bisitak Elgoibarko enpresetara), ikasleen artean. “Dena den, ezinbestekoa iruditzen zaigu prozesu honetan gurasoak ere kontutan izatea. Izan ere, seme-alaben etorkizun akademikoaren aurrean, gurasoen orientazioa eta parte hartzea oso garrantzitsua izan daitekeela uste dugu eta horregatik, gurasoei zuzenduriko Jardunaldia/Azoka antolatzea erabaki du Udalak, Elgoibarren dugun prestakuntza-eskaintzaren berri emateko”.

 Jardunaldia/azoka hau, datorren apirilaren 17an egingo da, zapatua, goizeko 11:00etan Kultur Etxeko sotoan eta bertan, IMH eta MEKA ikastetxeek beraien prestakuntza-eskaintzaren aurkezpena egingo dute. Ondoren, banakako kontsulta pertsonalizatuak burutu ahal izango dira.