Mauritaniaren aldeko lasterketa irabazi du Unai Narbaizak

elgoibarren.net 2010ko api. 14a, 15:21

 
Unai Narbaizak irabazi du Mauritaniako bizilagunei elkartasuna adierazteko, San Adrianen (Nafarroa) egin den estreinako maratoi erdia. Narbaizak ordubete eta hamasei segundotan amaitu zuen 21,9 kilometroko proba.

 

 120 atxintxikarik parte hartu zuten San Adrianen, Mauritaniaren alde, egin zen  estreinako maratoi erdian, eta Elgoibarren bizi den Unai Narbaiza eibartarra izan zen guztietan bizkorrena. Emakumezkoetan Olga Gimenok irabazi zuen proba.
 Narbaizak ia bost minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari, San Adrian bertako Toño Sadaba korrikalariari, baina, hala ere, lasterketa “oso gogorra” izan zela nabarmendu zuen amaieran: “haize asko egin digu eta ibilbidea ere nekeza zen oso, gora behera askokoa”. Hirugarren kilometroan erritmoa bizitu eta dortsalik gabe parte hartu zuen lagun batekin batera, lehen postuan bakarrik geratu zen Narbaiza. Aurkarien hatsik bizkarrean nabaritu gabe egin zituen helmugara arteko kilometro guztiak. Ez zuen, hala ere, erritmoa mantsotu, Gasteizko maratoia (maiatzaren 9an) prestatzen dihardu-eta. Itxura guztien arabera, sasoiko iritsiko da Martin Fiz maratoira eta garaipenek ematen duten poztasun gaindosiarekin, gainera.

Mauritaniarako dirulaguntza
Lasterketaz gain, helburu solidarioak ere bazituen San Adriango maratoi erdiak; izenemateetako dirua, 2.000 euro inguru, Formacion y Vida Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat zen. Erakunde honek Mauritaniako bizilagunen bizibaldintzak hobetzeko inbertituko du diru hori. Irabazleek ere ez zuten esku dirurik jaso, Maribel Munoz eskultorearen Alaajaramas izeneko artelanak baizik. Mauritanian lanean dabiltzan inguruko bizilagunen hizkuntzan ‘esker ona’ esan nahi du alaajaramas berbak.