“Udal Gobernu honek 2007-2011 Legegintzaldiko Planean jasota dauden proiektuen artean ageri da merkadilloaren gaia aztertzeko konpromisoa, eta, erabakiak hartzeko denbora beharko genuela onartu arren, konpromisoa bete dugu. Alegia, eskuartean dauzkagu Udalak sustatutako merkadilloari buruzko ikerketa sakonaren datuak, eta datu horietan oinarrituta erabaki bat hartu dugu: eguenetako merkadilloa erdigunera bueltatuko da maiatzean”, azaldu du Alfredo Etxeberriak azken urteetan zeresan eta istilu franko sortu dituen gaiaren inguruan.
•Hiru kokaleku aztertu dituzte
Ikerketa ez dela merkadilloa “han edo hemen jarri” behar den argitzera mugatzen gaineratu du Etxeberriak: “hainbat datu interesgarri jarri ditu mahai gainean eta guk gure ondorioak atera ditugu erabaki bat hartu ahal izateko”.
Merkadilloa har zezaketen herriko hiru gune kontutan hartu dira ikerketan: Plaza Handia, Leku Eder-Aita Agirre eta Madala. Azkenean Leku-Eder eta Plaza Txikia bateratzen dituen gunearen alde egin dute, merkadilloa jartzeko egokiena delakoan. Hona hemen ikerketan ondorioztatzen diren arrazoiak: herri erdian kokatuta dago, trafikoarengan ez du eragin kaltegarririk, 20 aparkaleku galduko lirateke, baina Sigman 50 berreskuratu, sarrera-irteera eta iresgarritasun onak dauzka, Sigman baino bezero potentzial gehiago har ditzake eta, azkenik, Plaza Txikira ezkaratzea daukaten (gero eta gehiago dira) San Bartolome kaleko etxebizitzen beharrei erantzuteko Taxi geltoki paretik San Bartolome parrokia pareraino bide edo pasealeku berri bat egokituko du Udalak, eta gune aproposa izan daiteke hori merkadilloko postuak jartzeko.
•21 postu
Maiatzean itzuliko dira saltzaileak Plaza Txikira eta Leku Ederrena; alabaina, udal agintariek ez dakite oraindik ordurako pasealekuko obrak amaituta egongo diren ala ez. Egin beharreko obra ez da oso konplexua, “asfaltoa botatzea, batez ere”, azaldu du Etxeberriak. Udalak, bestalde, 48 modulotan, 3x3 metrokoa bakoitza, banatu du saltzaileek postuak jartzeko izango duten eremua. Batzuk egingo den kale berrian ilaran jarrita egongo dira eta gainerakoak Leku Eder parkearen erdian, egun saskibaloi kantxa dagoen tokian (ikusi beheko mapan). Gaur egun Sigman dauden 21 saltzaileek edukiko dute Plaza Txikia eta Leku Ederren postua jartzeko eskubidea, eta dagoeneko aukeratu dute bakoitza non jarriko den ere. Saltzaile berriren batek postu bat eskuratu nahi izanez gero, izena eman eta postu bat libre egon arte itxaron beharko luke.
Kokapen aldaketaz gain, Udalaren eta merkadilloko saltzaileen arteko akordioak berrikuntzak dakartza, horietako batek, merkadilloaren kokapen berriak izango duen funtzionamendu ordutegiari eragiten dio. Izan ere, salmenta postuak ezingo dira jarri goizeko 8:00 baino lehen jarri, ezta eguerdiko 14:00 edo 14:30 baino lehen kendu ere.
Merkatariek hartutako beste konpromiso bat, pixkanaka-pixkanaka, salmenta postuak berritzen joaterena da, gerora, denek antzerako itxura eta irudi erakargarriagoa izan dezaten.
•Aparkalekuekin zalantza
Aparkalekuen gaia nola kudeatu aztertzen ari da Udala. Bi aukera darabiltzate eskuartean, eguenetan Plaza Txikiko aparkaleku guztiak (40-45 aparkaleku) saltzaileei laga edo, bestetik, erdiak lagata nahikoa izan daitekeela ere uste dute. Kontuan izan behar da Sigman 50 aparkaleku berreskuratuko liratekeela eta Gauss dantzalekua dagoen eraikina bota eta gero inguru horretan aparkalekuak egiteko asmoa ere baduela Udalak.
∞Lotura duten albisteak:
- Ikerketa bat jarri da abian zer nolako merkadilloa nahi dugun jakiteko (2009-07-06)
- Zerbitzuen sektorea indarberritzeko proiektua jarri du martxan Udalak (2009-01-29)
- Merkadilloa berriz lekualdatzeko aukera eztabaidatuko dute alderdiek (2007-10-01)
- Salmentak %70 gutxitu direla salatu dute merkadilloko saltzaileek (2007-05-03)
- Merkadilloko saltzaile gehienak joango dira Sigmara (2006-06-14)
- 2007-2011 Legealdi Plana onartu Udalak (2008-07-01)