Bueno, gaurkuan nere geografia ikasketak praktikan jartziaz gain, oin modan daon gai batekin natorkizue.
Islandia, atlantiar-erdialdeko dortsal ozeanikoaren erdian kokatzen den irla da, eta kokapenak garrantzia handia dauka irlaren jatorrian eta bere garapenean. Dortsal honek, plaka litosferiko Iparamerikarra eta Eurasiarra banatzen ditu, urteko 2 zentimetroko urrunketa ematen delarik. Hau, duela 25 milioi urte hasi zen gertatzen, baina Islandiako materialak berriagoak dira, ez baitituzte 16 milioi urte baino gehiago.
Kokapen geografiko-geologikoa
Historia geologiko labur hau (kontuan eduki gure planeta orain del 4.500 milioi urte sortu zela), betidanik lotua egon da aktibitate bolkanikoarekin eta prozesu glaziarrekin, irlaren ezaugarri klimatiko, geografiko eta ingurumen ezaugarriak direla eta.
Horrela ba, Islandiako historia geologikoa irlak jasandako aldi glaziar eta interglaziarretan dago banatua. Lehenak, aldi glaziarrak, Plio-Pleistozenoan (duela 3,3 - 0,7 milioi urte) Lurreko eremu handiak okupatu eta Londres parera iristeaz gain, Islandia gehiena mantu glaziar batean estali zuen (2 km-ko lodiera eduki zezakeela eman dute aditzera ikerlariek). Garai honetan, sumendien erupzio mordoa eman ziren, eta meseta moduko eraketak sortu ziren dortsalaren gaineko eremuetan.
Sumendien eta glaziar masen kokapena
Gaur egun gertatzen den bezala, aldi interglaziarrean (duela 16-3,3 milioi urte eta 0,7 milioi urtetik hona), irla glaziar metaketa handien azpian zegoenez eta erupzio bolkaniko mordoa eman zirenez eta ari direnez, uholde-glaziarren eraketa eragin zuten (eta azken egun hauetan eratzen ari dira).
2010. urtean 6 masa glaziar handi bereiz daitezke: Vatnajökull (8.300 km2 eta Europako glaziar handiena), Langjökull (953 km2), Hofsjökull (925 km2), Myrdalsjökull (596 km2), Drangajökull (160 km2), Eyjafjallajökull (78 km2) eta beste asko tamaina txikiagokoak. Glaziarrek, irlaren %11 estaltzen dute eta hoietatik %60 aldizka aktibitatea erakusten duten pitzadura bolkanikoen eta termikoki aktiboenak diren zonaldeen gainean aurkitzen dira.
Puntu gorriz dortsalaren jarraipena, eta bertako pluma mantelikoak. Zenbakiekin masa glaziar ezberdinak:
1: Vatnajökull 2: Langjökull 3: Hofsjökull 4: Myrdalsjökull
5: Drangajökull 6: Eyjafjallajökull
Glaziar hauetako izotzaren eta sumendien arteko elkarrekintza da fenomeno ezberdinen sorreraren erantzulea, eta horien artean garrantzitsuenak Jökulhaup-ak dira. Fenomeno hauek, maiztasun handiarekin gertatzen dira Islandian eta erabat suntsitzaileak dira, galera ekonomiko eta baita gizakienak ere eragiten baitituzte.
Jökulhaup hitza islandieratik dator eta uholde (haup) glaziarra (jökull) esan nahi du. Hots, Islandiako sumendi gehienak glaziarren azpian daudenez, galdara bolkanikoak eratzen dituzte eta erupzioak izaten dituztenean glaziarreko izotza urtu eta laku subglaziarrak (glaziarraren azpian daudenak) eratzen dituzte. Denbora luzez ematen bada, lakuetako urak inguruko erliebea igaro eta glaziarraren azpitik uholdeak sortzen ditu, azpian dagoen dena (sedimentuak, harrikoxkorrak, hareak...) eramanaz. Behin glaziarraren muturra igarotzean, uholdea zabaldu egiten da kono moduko egiturak eratuz eta aurrean hartzen duen dena hondatuz (etxeak, zubiak, errepideak...).
Fenomeno hauen iragarpena eta prebentzioa ezinbestekoa dela argi dagoen arren, ez da erraza izaten zenbaki eta data konkretuak edukitzea. Munduko glaziar bakoitzak bere dinamika propioa daukanez eta kasu bakoitzean gauzak ezberdinak ikus daitezkeenez, garrantzia handikoa da fenomeno hauek ikertzea.
AZKEN EGUNOTAKO GERTAERAK
Hegaldien alarmak, aireportuen ixteak, jendearen harridura... Horrela dago Europa bai, harrituta.
Azken egun hauetan gertatzen ari dena, orain arte esaten nabilenarekin bat dator. Kasu honetan ordea, sumendiaren erupzioak glaziarreko izotza erabat urtu eta zeruan gora ateratzen dira sumendiko material bolkanikoak altuera handietara iritsiz. Kraterretik ateratzen diren partikula eta material guztiek hodei modukoa sortzen dute zeruan (kolore marroixka duena) eta aire-masen eskuetan gelditzen da. Europara bidean jarri denez, eta horrek izan ditzazkeen arriskuak kontuan hartuz, larrialdi egoera deitu dute herrialde askotako aireportuetan, eta garraio aereoa ia paralizatua gelditu da. Honetaz gain, uholde glaziar ezberdinak eragiten ari da eta irla hegoaldeko zenbait zubi eta errepide suntsitu ditu iada.
Gertaeraren tokia, Islandiako hegoaldeko 6. masa glaziar handienean dagoen sumendian kokatzen da. Eyjafjalla sumendia, izen bereko glaziarrean kokatzen da eta 1.666 metroko garaiera dauka. Ia 200 urteko loaldian egon ostean, bapatean esnatu, eta bere indar guztiarekin barneko magma, estratu eta kea kanporatzen ari da.
Eyjafjalla sumendiaren kokapen geografikoa
Hurrengo link hau atxikitzen dizuet, bertan oso ondo ikus daitekeelako nola eman den hodei bolkanikoaren zabaltzea Europan zehar, eguneko ordu ezberdinetako epeetan. Apirilak 14tik 19ra bitarteko tartea azaltzen da (3 orduro ateratako argazkiekin), non hodeiaren nondik norakoak primeran ikusten diren. Egin klik merezi du eta!
Badakit askorentzako "faena" bat izan dala, baina fenomeno natural baten aurrian zer eginik ez dagoenez, hobe gertatzen ari denarekin disfrutatzea. Argazki hauek, mila hitzek baino hobeto deskribitzen baitute gertatzen ari dena.
2010eko apirilak 14. Ke hodeiak zeruan zehar, sumendiaren erupzioaren kausa.
2010eko apirilak 14. Uholdearen arrastoak mihi glaziarrean.
2010eko apirialk 14. Izotz urtua glaziarreko mihitik itsasoratzen, material eta
sedimentuez blai.
2010eko apirilak 14. Uholde glaziarra errepidetik gertu. Islandiarrek errepideak urtero
berritu behar izaten dituzte honako arrisku zonaldeetan.
2010eko apirilak 14. Uholde glaziarra glaziarretik behera. Kono forma hartzen du
itsasorantz jaitsi hala.
2010eko apirilak 14. Izotz urtuak eta glaziarreko materialek aurretik eramandako
errepide zatiari begira dago argazkiko pertsona.
2010eko apirilak 14. Eyjafjalla sumendiaren kea zeruan gora.
2010eko martxoak 24. Satelite irudia, bertan fisura bateko luma mantelikoaren
agerpena ikus daiteke, laba irtetzen dagoelarik.
2010eko martxoak 27. Laba erupzioak iluntzeko azken orduetan.
2010eko apirilak 14. Turistak laba erupzioak ikusten glaziarrean. Ordu batzuk
beranduago 800 pertsona ebakuatu behar izan ziren inguru hoietatik.
2010eko martxoak 27. Turistak laba isurketa bat ikusten erupzioa gertatutako
zonaldetik hurbil.
2010eko martxoak 28. Laba solidotze prozesuan galdara batean.
2010eko martxoak 21. Laba fisura manteliko batetatik ateratzen eta glaziarrean
zehar zabaltzen.
2010eko martxoak 27. Laba ateratzea eta beronek igorritako kea iluntzean.
2010eko apirilak 15. Sumendiaren kea hodeien gainetik agertzen da, behean
glaziarraren eremu terminalak agertzen dira.
2010eko martxoak 21. Laba isurketak kraterretik at. Ongi bereiz daiteke inguruko
izotz guztia urtua izan dela sumendiaren berotasuna eta isurketengatik.
2010eko apirilak 3. Laba ateratzeak eta grietak Eyjafjalla sumendian. Alboan
glaziarra ikus daiteke, baina sumendiaren berotasunagatik bertako izotz eta
elurrak urtuak izan dira. Eremutik urrundu hala, izotz geruza potoloagoa eta
konpaktoagoa da.
2010eko apirilak 15, osteguna (11:39 GMT). NASAko satelite-irudi honetan, argi
bereiz daiteke errautsez eta material piroklastikoez (sumendietatik ateratakoak)
osatutako hodeia Europara bidean, Ipar Itsasoa zeharkatzen.