Hitzaldiak eta zikloei buruzko zein txandakako ingeniaritzari buruzko informazio mahaien bitartez Lanbide Heziketaren eskaintzari buruzko lehen eskuko informazioa jaso zuten azokara hurbildutakoek. Eta, azokaren balorazio positiboa egin du Edurne Bilbaok IMHren izenean: “Aurkezpenera 40 lagun inguru etorri ziren. Datu pozgarria da gure ustez, ez genekien-eta ekimen honek, estreinakoa izanagatik, zer nolako oihartzuna edukiko zuen. Bada, jendeak gogoz jarraitu du eta askok benetan argigarria izan dela aipatu zigun amaieran. Meka eta IMHko ziklo eta ingeniaritzako ikasle ohien esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aukera nabarmendu zuten, batez ere”.
Ikasleei zuzendutako jardunaldiak antolatu dituzte aste honetarako. Elgoibarko Lanbide Heziketa eta Ingeniaritzari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte IMH eta Mekako ikasle ohiek Elgoibar Ikastolan (apirilak 22) eta Arreiturre Institutuan (apirilak 23). Arreiturreren kasuan, debegesak ere parte hartuko du, lanbide orientazioan genero ikuspuntua lantzeko. Maskulinizatua dagoen lanbidea aukeratu duen emakume batek bere esperientzia azalduko du, eta alderantziz, feminizatua dagoen lanbide bat hautatu duen gizonezko batek ere bere esperientzia hurbilduko die ikasleei.
Bestalde, Elgoibarko enpresak ezagutuz ekimenaren bitartez, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute Danobat enpresa bisitatuko duten ikasleok; DBH 4. mailakoak, hain zuzen ere.
- Ikusi egitaraua hemen: DBH 4. mailako ikasleei zuzendutako ekintzak sentsibilizazio jardunaldiak eta enpresetara bisitak
•Ate irekien egunak
Zapatuko jardunaldiaz gain, ate irekien egunak ere antolatu dituzte IMHk eta Meka ikastetxeak. Apirilaren 22an (eguena) Meka bisitatzeko aukera izango da 8:00etatik 20:00etara, eta hilaren 24an (zapatua), berriz, IMHko ate irekien eguna egingo dute, goizez.