Hogei zaldi eta zaldunek parte hartu zuten, hirugarren urtez jarraian, Zumaiako San Telmo jaien baitan egin den zaldi lasterketan, domekan. Entzute handia lortu du Zumaiako probak eta ehunka lagun batu ziren Itzurungo hondartza ederraren bueltan.
Parte hartzaileek itxura obalatuko zirkuituari lau itzuli (1.200 metro) eman behar zizkioten, eta kanporaketak jokatu eta gero zortzi onenak sailkatu ziren finalerako, tartean bi elgoibartar: Unai Valle eta Igor Castañares. Emozioz beteriko lasterketa izan zen finala. Xanti Telleriak eta Unai Vallek borroka estua eduki zuten hasieratik amaierara, baina atzetik zetozen lauzpabost zaldunek ere aurreko biak harrapatzeko aukerak izan zituzten. Igor Castañares podiumeko postuetara ezin ailegatuta ibili zen lasterketa guztian zehar, baina azken errebueltan aurretik zituen zaldunek egindako akatsa probestu eta helmugako zuzenean zaldun bat gainditu ostean, hirugarren postuan sartu zen helmugan, Unai Valleren eta Xanti Telleriaren atzetik.
- ARGAZKIAK: Zaldi ikuskizuna Itzurunen (baleike.com)