Hogeita hamar urte igaro dira jada, lehenengo ameslari haiek Goñira
iritsi zirenetik. Hogeita hamar urte, Manu pirataren laguntzarekin
Dorrekoari bizitasuna itzuli ziotenetik. Denbora asko pasa da ordutik;
milaka haur; milaka momentu; dozenaka begirale, milo eta arduradun;
makina bat bilera, txango, patata frijitu…
Gaur egun ere,
Dorrekoaren teilatupean ez dago begiak itxi beharrik ametsak bizitzeko:
Goñin bakarrik bihur daiteke kakalardo bat traktore, ume baten
irribarrea helburu, euskara altxor preziatu edo besarkada bat opari.
Goñin bakarrik izan zaitezke gau bakarrean pirata, txingurritxo, ume edo
Cow Boy.
Eta ez; Manu pirata eta Mariren ametsen lurraldea ez da
agian atlasetan agertuko. Baina guk irribarreak marrazten dakigun
bezala, mapak marrazten ere badakigu; badakigu zazpi probintzik
osaturiko Euskal Herria irudikatzen.
Mapa horretan Dorrekoa
aurkituz gero, inguruko mendiak, ibaiak, basoko txokoak, plaza,
frontoia, ataria, olaturik gabeko Hawai, eta gure zelaia ere ikus
daitezke. Azken hau oso leku berezia da; udako gauetan bertan etzanez
gero, hainbat izar gorriri begira egoten baikara.
Izan ere, asko
eta asko dira Dorrekoatik eta beraien etxeetatik urrun dauden
Goñikideak; amets egiteaz konformatu ez, eta gure herriaren alde
borrokatzeagatik eraman dituztenak. Hemen falta zaizkigun izar gorri
guzti horiek, badakite asko maite ditugula. Eta datozenean datozela,
zain izango gaituzte besoak zabalik.
Horiek denak gogoan ditugu
arren, ezin ditugu ahaztu hasierako proiektu xume hartatik hain udaleku
bereziak aurrera atera zituzten lagunak ere. Ezin ditugu ahaztu, ametsen
mundutxo hura errealitate bihurtu zutenak.
Bidea luzea izan da,
eta hogeita hamar urte hauetan martxan jarraitu badugu, ez da magia
hutsagatik izan. Baizik eta denbora guzti horretan etengabe lanean aritu
direnen indar, konpromezu eta ilusioari esker.
Zuek Goñi eraikitzen hasi zineten; gu hemen hazi gara, hemen ikasi. Oztopoak oztopo eta hesiak hesi, ametsen lurraldeak bizirik dirau; hain koloretsu, hain berezi… Hemen barre egin dugu; hemen negar; hemen korrika; salto; jolas; hemen hezi.
Eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu hainbat milo, begirale eta arduradunek, Dorrekoatik igaroko diren ehundaka haurren pozaren truke. Eta batez ere, zuengandik jasotako guztiaren truke.
Begiak ireki, eta jarrai dezagun lanean; egin dezagun amets!!!
Hitzak; Miren Amuriza