Modu mingarrian amaitu da Grupo Eibarren ametsa

elgoibarren.net 2010ko api. 26a, 13:49

 
Esku hutsik -jokatutako hiru partidak galdu zituzten-, eta okerragoa dena, min hartutako hiru jokalarirekin itzuli da Grupo Eibar eskubaloi taldea asteburuan Barañainen (Nafarroa) jokatu den Espainiako Eskubaloi Txapelketako sektore fasetik.

 


 Txapelketa oso gogorra izan dela aitortu du Lorea Gabilondok, Grupo Eibar taldeko entrenatzaileetako batek. “Aurkari oso gogorrak tokatu zaizkigu, bai zeukaten joko mailagatik eta baita jokatzeko modugatik ere. Kolpeak eta bultzakadak izan dira nagusi txapelketa osoan”.
 C.H. Amposta, Kataluiniako txapeldunaren aurka jokatutako lehen partida erabakigarria izan zela uste du Gabilondok. “Estreinako partida irabazteak berebiziko garrantzia dauka jokalarien adorean eta saiatu ginen arren, eta markagailuan aurretik jarri ere bai, azkenean galdu (36 eta 31 ) egin genuen". Eta okerragoa dena, jokalari batek min hartu zuen belaunean.

Grupo Eibarrek Elgoibarren irabazi zuen Euskadiko txapelketa

 Bigarren partidan zeukaten guztia ematera irten ziren elgoibartarrak kantxara, baina Lagunak taldeko nafarren aurka amore eman behar izan zuten. Gainera, partida honetan ere beste bi jokalari galdu zituzten elgoibartarrek min hartuta. Azkenean, hortaz, Nafarroako txapeldunek 24 eta 27 irabazi zioten Euskadikoari. Azken partida, aurreko biak galdu ostean, tramite hutsa izan zen Grupo Eibar taldearentzat. “Jokalari gehiagok minik ez hartzea zen gure kezka nagusia, ikusiak ikusita”, aitortu du Gabilondok. Madrilgo txapeldunordearen aurka jokatu eta 26 eta 14 galdu zuten elgoibartarrek.
 Getasur talde madrildarra izan da, hain zuzen, lehen postuan sailkatu dena, eta, hortaz, Espainiako Txapelketaren azken fasea jokatzeko sailkatu dena.
 
Lotura duten albisteak: