Goizeko 9:02ean 15 lagun bizikletak trenean sartu eta Abadiño-Tranka tren geltokiruntz abiatu ginen. Gainontzekoak, beraien autoetan hurbildu ziren itzuliaren irteera puntura. Izan ere, gure harridurarako, elgoibartarrez gain, inguruko herrietako mendizaleak ere animatu ziren irteerara: azkoitiarrak, ondarrutarrak eta eibartarrak, besteak beste. Eguraldi ezin hobea geneukan aurretik: eguzkiak xarma berezia ematen dio haitzez osatutako paraje eder hauei.
Hamarretarako hamabost bat minutu falta zirenean, ekin genion 42 kilometroko ibilbideari. Atxarteko harrobirainoko bidea, denok batera egin genuen, poliki poliki berotzen ginen bitartean. Harrobian, bideak gorantz egiten du nabarmen. Igotzen hasi orduko, taldea luzatu eta talde txikiagoetan banatu ginen. Bakoitza, komeni zitzaion erritmoan eta ahal den moduan aldapa gogorrei aurre eginez.
Txakurzulo atzean utzi eta Urkiolako Hirukurutzetan egin genuen gure lehen geldialdia. Bidean, gutariko batek buelta eman beharra izan zuen, ondoezik aurkitzen zelako. Gainontzeko txirrindulariok, Hirukurutzetan argazkiak atera, iturrian urez hornitu eta berriro bideari ekin genion, poliki-poliki, Anboto magalera irizteraino. 20 kilometro maldan gora egin ondoren, indarrak berreskuratzeko hamabost minutuko geldiunea egiteko paraje paregabea iruditu zitzaigun Anbotoko magala. Ogitartekoak atera eta eguzkitan gustora tripazorriak asetu ondoren, 12:15ean berriro bizikleta gainean ginen.
Zailena eginda, bide erdia geratzen zitzaigun, gehiena goitik behera: bidean utzi genitun Zabalandi eta Tellamendi mendia. Jeitsierako kilometro batzuk nahiko teknikoak baziran ere, laster heldu ginen Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba elkar besarkatzen diren puntura: Besaidera. Hemendik tren geltokirainoko bidea, azkarra izan zen: 14:45etako trena hartzera ozta-ozta heldu ginen gehienok. Hala ere, garaiz heldu ez zirenak, hurrengo trenean bueltatu ziren Elgoibarrera.
Jendea gustura geratu zelakoan gaude. Hurrengo urteetan ere Morkaiko M.E.-tik antzerako irteerak antolatzera animatzen gaitu aurtengo esperientziak. Eskerrik asko antolaketan lagundu eta parte hartu duzuen guztioi.
- Ikusi hemen: Morkaikoren albiste gehiago