Udalak, Tokiko Agenda 21 delakoaren bitartez, lanean dihardu urteetan zehar Elgoibar herri iraunkorra izan dadin. Ildo horretatik, aurten, Elgoibar Berdea izeneko programa berezia jarriko du abian. "Elgoibartar guztien lankidetza aktiboari esker", Udalak hainbat ekintza bideratuko ditu, 2010 urtean zehar: hala nola, olioa jasotzeko edukinontziak jartzea, konposta egiteko proiektu pilotuak bideratzea, udalerriko baserrietan energia berriztagarriak instalatzeko aukerak baloratzeko eta energiaren eraginkortasunari buruzko azterketak egitea. Programaren xedea ondorengoa da: gure ekologiaren, ekonomiaren eta gure herrian izango diren belaunaldi berrien mesedetan, bizitzeko ohitura berriak eskuratzea.
“Ekintza batzuk martxan daude dagoeneko, eta gainerakoak, datozen
hilabeteetan hasiko ditugu”, jakinarazi du Alfredo Etxeberriak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Javier Zarraonaindiak Gipuzkoa mailan ekimen “eredugarria” dela azaldu zuen Elgoibar Berdea programaren aurkezpenean. “Lan handia dago honen guztiaren atzean eta zoriontzea merezi dute”, gaineratu zuen.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Javier Zarraonaindiak Gipuzkoa mailan ekimen “eredugarria” dela azaldu zuen Elgoibar Berdea programaren aurkezpenean. “Lan handia dago honen guztiaren atzean eta zoriontzea merezi dute”, gaineratu zuen.
•Hamar puntuko dekalogoa:
- Iraunkortasuna susta ezazu. Hondakin gutxiago sortu, berrerabili eta birziklatu dira gogoan izan beharreko hiru gakoak.
- Hondakin gutxiago sortu: erosketa ekologikoa. Etxeko hondakinak murrizteko ez dago hondakin gutxiago sortzea baino gauza hoberik. Hori lortzeko erosketak egiterako orduan kontutan izateko aholku xinple batzuk zabalduko dituzte.
- Berrerabili. “Uda bukaera aldera” Garbigune bat izango dugu Elgoibarren, Arriaga industrialdean. Lizitazioa dagoeneko eginda dago, eta jarduera esleitu ostean, kontratua eskuratzen duen enpresak lau hilabeteko epea izango du lana egiteko. Garbigunean, etxean sortzen diren hondakin guztiak utzi ahal izango dira, eta langile autonomoek eta profesionalek sortzen dituzten hondakin asko eta asko ere bai. Gune honen xedea da kontrolatu gabeko hondakinen isurketa murriztea.
- Birziklatu. Erabilitako olioa botatzeko edukiontziak. Joan zen otsailean ipini zituzten Elgoibarren olioa botatzeko hamar edukiontzi. Orain sentsibilizazioan eragin eta erabilpena indartzea da Udalaren asmoa. Horretarako, olioa birziklatzeko ohitura hartzen joan gaitezen, Elgoibarren dauden merkatarien elkarte biek (Txankakua eta Barren Azoka) 2.000 inbutu berezi salduko dituzte, euro batean, olioa plastikozko ontzietara botatzeko.
- Egin ezazu konposta. Elgoibar Berdea programaren baitan biokonposta egiteko programa pilotua jarriko da abian. Gutxi gorabehera, biztanleen %10ek programa horrekin bat egin ahal izango du. Lehendabiziko fasean, boluntarioak lortzeko ahalegina egingo da. Boluntarioei poltsa biodegradagarriak emango zaizkie hondakinak jasotzeko. Kalean jarriko diren edukinontziak erabiltzeko giltza ere emango zaie. Programan jasotakoaren arabera, edukinontzietan lagatako hondakinak bildu eta konpost bihurtuko dira. Gainera, Udalak konpost hori berrerabiltzeko konpromisoa hartuko du. (Izena emateko telefonoa: 943744 384 edota ingurumena@elgoibar.net)
- Energia garbia, eguzko energia, bultza ezazu. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu pilotuari esker, plaka fotoboltaikoak instalatuko dira Elgoibarko Udalaren egoitzetan: Herri Eskolan eta Mintxetan. Berrikuntza gisa, proiektu pilotu honen baitan, herritarrek plaken akzioak erosteko aukera izango dute, eta horrela, plaken jabe bihurtuko dira. Ondorioz, inbertsiogileek, energia sortzeagatiko mozkinak eskuratzeaz gain, plakak erosteak dakartzan onura fiskalak aprobetxatu ahal izango dituzte. Proiektu pilotu honi esker frogatu nahi da eguzkia energia baliabide energetiko egokia, eta aldi berean, inbertsio bideragarria dela.
- Bultza ezazu eraginkortasun energetikoa. Baserri auzoetan energia berriztagarrien erabilera sustatzeko hainbat azterketa egin ditu Udalak. Efitermik enpresa elgoibartarra arduratu da ikerketa egiteaz eta landa eremuko ehun etxebizitzentzako dirulaguntzak bazeuden ere, 25 izan dira, oraingoz, interesa agertu dutenak. Apiril amaierara arte dago izena emateko aukera.
- Ekonomia iraunkorra bultza ezazu. Elgoibarren eta Eibarren, ibilgailu elektrikoak alokatzeko proiektu pilotua abian jarriko da, Ataunen martxan jarri zutenaren ildotik. Herritarrek orduka alokatu ahal izango dituzte ibilgailu elektrikoak herrian bertan, edo inguruetan, joan-etorri laburrak egiteko; betiere, ibilgailu bakoitzaren autonomia eta argindarra kargatzeko estazioak non kokatzen diren kontuan hartuta.
- Kontzientzia ekologikoa. Kontzientzia ekologikoaren inguruko ekintzak antolatuko dira ikasle zein pertsona helduentzat. Zabalduko diren birziklapen ohitura berriei esker, herritarrak formatu, hezi eta kontzientziatu egingo dira.
- Mugi zaitez oinez. Gaur egun, Elgoibarko Udalak, Herri Eskola eta Ikastolarekin elkarlanean, “eskolara oinez noa” izeneko proiektua jarri nahi du abian. Ekimena 3 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Proiektuaren xedea, bestalde, ondorengoa izango da: haurrak eskolara oinez eta euren kabuz joan daitezela. OIN-ALAI proiektuak eskolako autobusaren antzera funtzionatuko du. Ibilbide, ordutegi eta geltoki jakin batzuk izango ditu; baina haurrak oinez joango dira eskolara. Segurtasuna bermatze aldera, haurrek, helduen eta Udaltzainen laguntza izango dute beti. Proiektu honen bidez, mugikortasun iraunkorra sustatu ez ezik, ikasleen, gurasoen, aiton-amonen eta zaintzaileen arteko harremanak ere sendotu egingo dira.