Gazte lokalen erabilerari buruzko araudia eztabaidagai

elgoibarren.net 2010ko api. 30a, 16:13

 
Gazte lokalen erabilerari buruz Udalak proposatuko duen araudia eztabaidatuko dute, prozesu parte hartzailean parte hartzen diharduten lagunek, maiatzaren 8an egingo duten hurrengo bileran. Bestalde, udal ordezkariak, arkitekto baten laguntzaz, Elgoibarren dauden 28 lokaletatik pasa dira bakoitzaren egoera bertatik bertara ezagutzeko.

 
 
  Elgoibarko Udala burutzen ari den prozesu parte-hartzailea bigarren fasean sartu da dagoeneko. Azken bileran, udalak bi hilabeteren buruan, 1. fasean landutako puntuak jasoko zituen akordio proposamen edo araudi bat luzatzeko konpromisoa hartu zuen. Orain, Udalak proposatuko duen araudia aurkeztu eta lan taldetan banatuta eztabaidatuko dute maiatzaren 8an egingo duten bileran. “Proposameneko gauza batzuk, indarrean dagoen legediari dagozkionak izanik, ezin dira aldatu, baina gainerakoak guztion artean eztabaidatuko ditugu”, azaldu du Maialen Arangurenek, Elgoibarko Udaleko Gazteria Teknikariak.
  • Eguna: Maiatzaren 8, zapatua
  • Ordua: 10:00etan.
  • Lekua: Elgoibarko Meka ikastetxean
Lokalak aztertuko dituzte

1706639733227 Gazte lokalen erabilerari buruzko araudia eztabaidagai

Gazteria teknikariak jakinarazi duenez, gazte lokal guztiak -28 daude Elgoibarren- banan-banan aztertzeko asmoa daukate. “Joan den Pazko Astean lokal guztietatik pasa ginen arkitektoen laguntzaz eta bakoitzean zer hobetu daitekeen aurre azterketa bat egin genuen, eta uztailerako azterketa sakonagoa egingo dugu bakoitzean".
 Araudia betetzen ez duten lokaletan, edo zerbait hobetu beharra daukatenek, sei hilabeteko epea izango dute aldaketak egiteko. Adibide bat jarri du Arangurenek: “komuna edukitzea beharrezko baldintza da gazte lokaletan, baina uste baino gehiagotan daukate, komunik gabeko sei lokal bakarrik topatu ditugu-eta". Gazteen aldetik “jarrera ona eta prestutasuna” aurkitu dituztela gaineratu du Gazteria teknikariak.
Gizarte lanak laguntzaren truke
 Aldaketak egin behar dituzten lokaleei laguntzeko prest dago, bestalde, Udala, “zati bat bada ere”. Herriaren alde egindako lanaren trukean jasoko dituzte laguntzak. “Gizartearen onurarako lanak izango dira, kirol, aisialdi, kultura edo euskarekin, besteak beste, zerikusia izango dutenak”.

  Aurrez, lehen faseko hiru bileretan, eztabaidatu eta adostutako ondorioak etxez etxe banatuko ditu Udalak esku-orrietan.
 
Lotura duten albisteak: