Musikaren festibal erraldoi bat izango balitz bezala, kanpin eta autokarabana artean, Amerikako Estatu Batuetako txoko guztietatik baina batez ere Kaliforniako estatutik etorritako milaka triatleta eta triatloi jarraitzaile biltzen dira proba honetan.
“Horrelako ekitaldi erraldoi bat Estatu Batuetan eta Kalifornian bakarrik da posible, triatloiaren merkatu handiena dago bertan eta amerikarrak ezagututa, nork bere erara hartzen du kirol hau: batzuek muturreraino eramanda beraien afizioa; eta besteek denborapasa bezala. Denetarik aurkituko dugu hemen: zahar zein gazte, hankak falta dituztenak, minbizia pasatutakoak, beltzak, txuriak, potoloak, meheak ... denetarik!”, azaldu du Ibon Gabilondok.
•Triatleta profesional onentsuenak lehian
Zapatuan (maiatzak 1) 1.860 pertsonak parte hartu zuten Wildflower triatloi luzean (ironman erdiko distantzian, 1900 metro+90 kilometro+21.1 kilometro) eta 998 lagunek mendiko triatloian. Domekan, berriz, 2.362 kirolari izan ziren distantzia olinpikoko triatloian. Distantzia luzeko proban –Ibon Gabilondok parte hartu zuen proban- munduko triatleta profesional onentsuenak zeuden lehian. Euskal Herritik Virginia Berasategui eta Eneko Llanos joan ziren, biak ala biak faboritoen artean. Munduko Ironman erdiko txapeldunak ere bertan zeuden, Michael Raelert alemaniarra eta Julie Dibens ingelesa.
•Raelert eta Dibens irabazle
“Lasterketa gogorra da, bizikletako lehen tartea ez da zaila, baina bukaera partean asko korapilatzen da aldapetan. Korrikako maratoi erdia oso gogorra da, lakuaren ingurutik eta kanpin artetik, mendiko pista artetik, gora eta behera. Zapatuan haize fina zebilen eta asko laguntzen zuen korrika egiteko. Irteera mailaka ematen da, lehenik profesionalak, gero mutilak 20-24 urte bitarteakoak, ondoren 25-29 ..... neskak ondoren .... guztira 19 irteera, hamar minutuko tarteetan eta ehun pertsona inguru tarte bakoitzean”. Raelert eta Dibens faboritoek irabazi zuten proba. Alemaniarrak egin zituen bizikleta eta antxintxika denbora onenak eta bost minutuko aldea atera zion bigarrenari. Nesketan Dibensek ere erakustaldia eman zuen; zazpi minutuko tartea egin zuen bigarrenarekin. Ibon Gabilondoren ustez, korrikako denbora ikusita, “ikaragarria” da maratoi erdia ordubete eta 15 minutuan egitea, baina “horregatik dira munduko onenak...”
Lasterketa lasai hartu zuen Ibonek, ez zuelako zirkuitua ezagutzen eta indarrak bukaerarako lagatzeko. Azkenerako gogorra egin zitzaion eta bost ordutik beherako denbora egin zuen: 4 ordu eta 53 minutu. “Karrera polita eta era berean gogorra da, lastima hain urruti egotea eta ez aukerarik izatea urtero korritzeko!”.
- Iturria: urgazi.blogspot.com
∞Lotura duten albisteak: