“Elgoibar Berdea” ekimen edo programako ekintzetako bat da honakoa, eta, herritarrei erabilitako olioa birziklatzeko erraztasunak ematea da inbutu bereziok, 2.000 guztira, banatzearen arrazoia. Olioa botiletan jaso ondoren, otsailean herriko hainbat gunetan jarri zituzten hamar edukiontzietako batean bota beharko da.
Bestalde, uda ostean, zaborraren birziklapena errazteko helburuarekin, kolore desberdinetako edukiontzi sorta jarriko dute salgai Txankakuako eta Barren azokako kide diren merkatariek.
•Kontsumo jasangarria eztabaidagai
Elgoibarko ikasleak herrian kontsumo jasangarria eta arduratsua sustatzeko helburuarekin bildu dira gaur, Eskolako Agenda 21 ekimenaren barruan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergokoak dira ikasleok eta urtean zehar euren ikastetxeetan kontsumoaren gaia landu duten 1.700 ikasleen bozeramaileak izango dira. Euren eginbeharra izango da Elgoibarren kontsumo jasangarria sustatzeko herritarrek hartu beharreko konpromisoak eta Udalak abian jarri beharko lituzkeen ekintzak definitu eta adostea. Ingurumena eta jasangarritasunarekin lotutako gai bat lantzen dute ikasleek urtean zehar eta aurten hain zuzen ere kontsumo jasangarriaren gaia landu dute. Gai horren inguruan, herriaren eta ikastetxearen diagnostikoa egiten dute. Herriaren diagnostikoaren kasuan, kaleen garbitasuna, edukiontzien egoera, birziklapen ohiturak, herriko festa jasangarriak eta saltokiak aztertu dituzte ikasleek; eta gai horien inguruan identifikatu dituzten arazoak konpontzeko herritarrok hartu beharreko konpromisoak eta udalek egin beharreko ekintzak zeintzuk izan beharko liratekeen pentsatzen dute.
Maiatzaren 27an udalbatzar berezi egingo du Elgoibarko Udalak eta hantxe, Elgoibarko Alkatearen aurrean, batzarrean adostutako proposamenak aurkezteko aukera izango dute.
Elgoibarko bost ikastetxek parte hartzen dute Eskolako Agenda 21 ekimenean: Elgoibarko Ikastolak, Herri Eskolak, Pilar ikastetxeak, Institutuak eta Lanbide Heziketako ikastetxeek; guztira, 1.700 ikaslek, esan bezala.
Foro parte-hartzaileak
Udalbatzarra egin aurretik ikastetxe guztietako ikasleen arteko elkarlana bultzatu nahi izan da aurten, topaketa foro hauen bitartez. Honela, hainbat ikastetxe eta adinetako ikasleen arteko elkarlana bultzatu da, udalbatzarrean aurkeztuko dituzten proposamen eta ekintzen inguruan eztabaidatzeko aukera eskaini zaie eta guztien artean definitu eta adostu dituzte udalerriko eta herritarren kontsumo ohiturak jasangarriagoak izateko bideak.