Aurrera egiteko aukera gutxi ditu Elgoibarrek Herriarteko Pilota Txapelketan

elgoibarren.net 2010ko mai. 6a, 12:00

Pilotari elgoibartarrek garesti daukate Herriarteko Pilota Txapelketako hurrengo kanporaketara sailkatzea. Andoainen aurkako kanporaketan, hiru partidetatik bakarra irabazi zuten Andoainen, nagusiek hain zuzen ere. Kadete eta jubenil elgoibartarrek, aldiz, zortzi tanto besterik ez zituzten egin lauren artean. Gauzak horrela, barixaku honetan Ikastolako frontoian jokatuko diren itzulerako partidetan, bi irabazi beharko dituzte, gutxienez, eta tanteoetan alde izugarria atera, gainera.

 
 Dena ez dago galduta baina, ez behintzat 2008koa errepikatzen bada. Orduko hartan, azken tantoan lortu zuen Elgoibarrek final-laurdenetarako sailkapena, aurkari berdinaren aurka. 
 Elgoibarko taldea final zortzirenetan sartu da aurten lehian, iaz eginiko txapelketa onaren ordainetan –Donostiak kanporatu zuen Elgoibar final-laurdentan-. Aurkari gogorra egokitu zaio, ordea. Andoiandarrek Eskoriatza kanporatu zuten lehen kanporaketan eta 2008ko kanporaketan gertatutakoa gogoan, dena ematera irten ziren, joan den asteburuan, Andoainen Elgoibarko pilotarien aurka jokatutako partidetan, eta halaxe erakusten dute tanteoek. Itzulerako partidak Ikastolako frontoian jokatuko dira, barixaku honetan (maiatzak 7), 21:30etik aurrera.

•Herriarteko txapelketa (joaneko partidetako emaitzak)
  • Andoain 22 – Lagunak 7 (Kad.)
  • Andoain 22 – Lagunak 1 (Jub.)
  • Andoain 13 – Lagunak 22 (Nag.)