Gaur arratsaldean Madrilen egin den zozketan jakin da Haundiren play-offetako lehen kanporaketako aurkariaren izena. Elgoibartarrei Asturiaseko talde historiko bat (1931n sortu zen) tokatu zaie: Luancoko Marino. Aurkari gogorra izango da, goragoko mailetan jokatzera ohituta dagoen taldea baita; 2009an Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara jaitsi zen eta berriz ere Bigarren B Mailara bueltatzeko gogoz egongo dira. Elgoibartarrek ere ilusioa soberan daukate eta iaz Burgosen aurka galdutako kanporaketaren ostean, esperientzia ere bai.
Jagoba Arrasate gustura dago tokatu zaien taldearekin. “Ez dugu urrutiegi joan beharko, ez eta bidaia nekagarririk egin beharrik izango behintzat. Hiru ordu inguruko bidaia izango da”, adierazi du Haundiko entrenatzaileak. Jokalari eta familiakoentzat antolatu duten autobusaz gain, zaleentzako beste bat ere prestatzen dihardute. Haundik lehen kanporaketa gainditzeko aukerak dituela uste du Jagoba Arrasatek. “Luancoko Marino talde beteranoa eta maila handikoa den arren, duela hilabete inguru ziurtatu zuten play-offak jokatzeko postua (bigarren postuan amaitu dute liga), eta, ohikoak ez diren jokalariekin aritu dira azken aldian. Horixe izan daiteke gure abantaila, azken unera arte lehiatzea tokatu baitzaigu guri”.
Belar naturala duen futbol zelaia da Luancoko Marinorena, eta 5.000 lagun sar daitezke bertan.
∞Lotura duten albisteak: