Ikasleak eskolara oinez joatea bultzatu nahi du 'Oin Alai’ proiektuak

elgoibarren.net 2010ko mai. 14a, 11:53

Umeei ikastetxeetara beraien kabuz eta modu seguruan oinez joateko aukera eskaini nahi diete Udalak eta herriko ikastetxeek Oin Alai proiektuarekin. Oinezko “bus” zerbitzu bat izango da, bost eta hamar urteko ikasleak geltokietan batu eta “bideko laguntzailen” babesaz denek batera ikastola edo herri eskolarako bidea egingo dute. Proiektua aurrera atera ahal izateko boluntarioen laguntza ezinbestekoa izango dela jakinarazi dute sustatzaileek. (Ibilbideak dauzka)


 Orain urte batzuk Elgoibarko ume gehienak oinez joaten ziren eskolara. Gaur egun, aldiz, asko auto partikularretan joaten dira, beste asko autobusez, gutxi batzuk bizikletan eta gainontzekoak ibiltzen.

 “Umeak Herri Eskolara edo Elgoibar Ikastolara kotxez eramatean, umeen autonomia gutxitzen ari gara eta askotan eskolara erdi lo iristen dira. Gainera, ikastetxe parean sortzen diren kotxeen pilaketak umeentzako egoera arriskutsuak sortzen dituzte”, azaldu dute Oin Alai proiektuko sustatzaileek ekimena aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. “Ingurumenean ere arazo ugari sortzen dira: kutsadura, zarata eta klima aldaketa adibidez”. Iñaki Astiazaran Ikastolako ordezkariak datua argigarriak eskaini ditu: “Gaur bertan 48 auto kontatu ditugu eta astebetean egin genuen ikerketan bost eta hamar urteko ikasleen %47 bakarrik joan zen oinez eskolara”. Joera hori aldatzeko, umeei ikastetxeetara beraien kabuz eta modu seguruan oinez joateko aukera eskaini nahi die ‘Oin Alai’ proiektuak. “Honek, umeen autonomia eta ardura lantzen du eta frogatuta dago ikastera oinez joaten diren umeak erneago ailegatzen direla”.
Ekimena bost eta hamar urte arteko umeei zuzenduta dago, baina hiru eta lau urteko umeek ere zerbitzua erabili dezakete, betiere heldu batek lagunduta.

Nortzuk izango dira laguntzaileak?
 Printzipioz laguntzaile hauek boluntarioak izatea aurreikusten dute: gurasoak, aiton-amonak, irakasleak, herritarrak… Boluntario horiek antolatuta egongo dira eta, ezuzteren bat gertatuz gero, ez dute inongo erantzukizunik izango. Ekainean egingo den lehen proban umeak apuntatzeko epea zabalduko da.
  • Bideko laguntzaile edo boluntarioek ere izena eman ahal izango dute: gurasoek ikastetxearen bitartez, gainontzeko herritarrak Udalaren bitartez: ingurumenaelgoibar.net, arreta bulegoan, edota 943 741 050 telefonoan.

Ekainean froga pilotua
 Ekainaren 7tik 18ra bitartean froga pilotua egingo da. Egun horietan Oin Alai zerbirzuak goizeko ibilidea egingo du bi ikastetxeentzat. Era berean, Herri Eskolak arratsaldeko etorria egingo du ekainaren 7-11 bitartean.
 Euskal Herriko hainbat herritan (Tolosa, Oiartzun, Dima, Lekeitio…) martxan daude Oin Alairen antzerako zerbitzuak, eta guraso, irakasle eta batez ere ikasleak, “oso pozik” daude egunero erabiltzen duten garraio zerbitzu berezi honekin, azaldu duUdaleko ingurumen teknikariak.
 
IBILBIDEAK: