Haundik 0-1ekoari buelta eman beharko dio Asturiasen

elgoibarren.net 2010ko mai. 17a, 11:32

O eta 1 galdu zuen Haundik Luancoko Marinoren aurkako kanporaketako joaneko partida. Mintxetan batu ziren 600 lagunek, bertakoek zein Asturiasetik etorritakoek, futbol giro aparta sortu zuten, baina zaleen bultzada ez zen nahikoa izan Haundik emaitza on bat lortzeko. Itzulerako partida Luancon jokatuko dute, datorren zapatuan (maiatzak 22), arratsaldeko 18:00etan.


  Esperientzia handiko taldea dela erakutsi zuen Luancoko Marinok Mintxetan. Lehen zatian euren atea hutsean mantentzeko asmoarekin irten ziren asturiarrak berdegunera, eta bigarren zatian, berriz, etxetik kanpo horren baliotsua den golaren bila. Haundiko jokalariak ere gola egiteko asmoarekin zelairatu ziren, baina ahalegin guztiak hutsean geratu ziren. Kanpotarrak poliki poliki nagusitzen hasi ziren eta kolpe erabakiorra jo aurretik lehen abisua eman zuten 57 minutuan: Arbitroak Camochu jokalariaren gola baliogabetu zuen jokoz kanpo zegoela-eta. Handik minutu gutxira, 61. minutuan, hain justu, kanporaketa Luancoko Marinoren alde erabaki dezakeen gola sartu zuen Matiasek.
  Emaitza gaiztoa daramate elgoibartarrek Asturias aldera, baina daukaten dena emango dute kanporaketari buelta eman eta Bigarren B Mailara igotzeko ametsak bizirik jarrai dezan. Luancoko Marino gainditzen badute beste bi play-off gainditu beharko dituzte elgoibartarrek.

Champions Leaguerako sarrerak
UEFA Champions League txapelketako finala ikusteko bi sarrera eta joan-etorriak (1. Saria); bi lagunentzako 500 euroko afaria Eibarko Chalcha jatetxean (2. Saria), eta 300 euro (3. Saria) zotz egin ditu Klub Deportibo Elgoibarrek. Honako hauek dira zenbaki sarituak, eta ordezkoak.
  1. saria: 6.529 (ordezkoak: 4.830 eta 1.363)
  2. saria: 6.408 (ordezkoak: 7.001 eta 2.221)
  3. saria: 1.999 (ordezkoak: 6.840 eta 1.399)