Bosgarren postua Daniel Arenasentzat Espainiako Kulturismo Txapelketan

elgoibarren.net 2010ko mai. 18a, 16:57

 
Podiumetik gertu, bosgarren postuan, sailkatu da Daniel Arenas kulturista Valladoliden jokatu den Espainiako Txapelketaren iparraldeko sektorean (Ondoko argazkian bera animatzera Elgoibartik eta Bilbotik joandako lagunez inguratuta). Datorren asteburuan Espainiako Kopa txapelketan parte hartuko du Cadizen.



 Euskadi, Nafarroa eta Kantabriako kulturismo txapeldun izan eta gero, bi urtez txapelketetan parte hartu gabe egon da Daniel Arenas (Zuzen Fitness). Hamabost hilabetetako entrenamendu gogor eta dieta berezien emaitzak, alegia, muturrera arte landutako giharrak, luzitzeko Donostiako XI. Open Muscle Power Sport txapelketa aukeratu zuen. Donostian jokatu zen maiatzaren 9an. “Ilusio izugarriarekin” joan bazen ere, gauzak ez zitzaizkion uste bezain ondo atera, “besteak beste pisuz eta neurriz gainditzen ninduten lehiakideen multzoan sartu nindutelako”, azaldu du. Azkenean, 10. postuan amaitu zuen (ikus sailkapenak).
Sentsazio hobeak Espainiako Txapelketan
  Joan den asteburuan, berriz, Espainiako Txapelketako iparraldeko sektorean parte hartu du Bilbon bizi den kulturista elgoibartarrak. Berriz ere berari dagokiona baino goragoko kategorian, “Classic Bodybuilding (1,75 zentimetro artekoak)” delakoan sartu bazuten ere, “Donostian baino ziurrago eta mentalitate baikorragoarekin irten nintzen; oztopoen aurrean kikildu beharrean puztuta, hasieratik dena ematera. Poseak indarrez eta neure aukeretan sinistuz egin nituen, eta inportanteagoa dena, gozatzera igo nintzen oholtzara”. Parte hartzaileek egin behar izaten duten koreografiarekin ere oso gustura geratu zen: “Nirea oso ondo irten zitzaidala uste dut eta aurkariak, aldiz, ez ziren fin ibili atal horretan. Hortaz, koreografiak azken notan %16 balio dutenez, postu batzuk aurreratu nitzakeela ikusi nuen. Hirugarren postuan sailkatu nintekeela ere pentsatu nuen une batean, baina gustura nago lortutako bosgarren postuarekin, maila handiko jendea aurkeztu baitzen (ikus sailkapenak).
Valladoliden lortutako emaitzak Cadizen jokatuko den Espainiako Kopa Txapelketarako indar handia emango diola uste du. "Gainera, han nire kategoriako kulturistekin lehiatzeko aukera izango dudala, azkenean, uste dut”.
  Arenasek bera ikustera eta animatzera Elgoibartik zein Bilbo aldetik joan ziren lagunak eskertu nahi ditu emandako babesagatik.

1706639698419 Bosgarren postua Daniel Arenasentzat Espainiako Kulturismo Txapelketan

1706639698481 Bosgarren postua Daniel Arenasentzat Espainiako Kulturismo Txapelketan