Mendi eskiko materiala erabiltzen ikasteko tailerra adituen eskutik

elgoibarren.net 2010ko mai. 19a, 08:56

Udaberriko mendi emanaldi zikloko azken saioa eskainiko dute, gaur (maiatzak 19), Arkaitz Iruretak eta Iker Leonardok, Pierra Menta mendi eski proba amaitu zuten lehen elgoibartarrek. Han bizi izandakoak kontatuko dituzte gaur gauean musika eskolako auditorioan. Aurrez, baina, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, mendi eskiko materialaren inguruko tailerra eskainiko dute Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Materialaren konponketa eta mantenuari buruzko gomendio mordoxka emango dituzte.


Mendi eskiko tailerra
 Mendi eskiko materialari buruzko tailerra antolatu du estreinakoz Morkaiko Mendizale Elkarteak. Arkaitz Iruretak eta Iker Leonardok materialaren mantenu eta konponketari buruzko gomendio ugari emango dituzte eta bertan probatu eta praktikan jartzeko aukera izango da. Kultur Etxeko Hitzaldi gelan izango da, 18:00etatik aurrera. Norberak bere materiala eramatea gomendatzen du mendi taldeak.

Pierra Menta

1706639697396 Mendi eskiko materiala erabiltzen ikasteko tailerra adituen eskutik

Mendiko eskian Pierra Menta esatea, txirrindularitzan Tourra edo futbolean mundiala esatea modukoa da; munduko eskiatzailerik onenak eta bizkorrenak batzen dira-eta bertan. Arkaitz Iruretak eta Iker Leonardok aurten parte hartu dute estreinakoz eski proba ezagunean, eta Frantziako Alpeetan bizitako esperientzia kontatuko dute gaur, 21:30etatik aurrera Musika Eskolako auditorioan. Morkaikok antolatutako mendi emanaldi zikloko azken saioa izango da (apirilaren 14tik hona sei mendi emanaldi eskaini dituzte). Aurrerapen moduan, hona hemen, Arkaitz Iruretak Pierra Mentaren inguruan Ikusi Mendizaleak blogean jasotakoak.

Europako Mendietara irteera
Europako Mendietara (Picos De Europa) irteera antolatu du Morkaikok. Ekainaren 12an eta 13an izango da, eta mendilerroko mendebaldea ezagutzea da euren asmoa.