Anbulatorioa Plaza Txikira?

elgoibarren.net 2010ko mai. 21a, 14:36

 
Elgoibarko Udalak hala eskatuta, Plaza Txikiko Aita Agirre eraikinak anbulatorioa bertan jartzeko baldintzak betetzen dituen aztertzen dihardute Jaurlaritzako teknikariek.

 


 Hiri Antolamendurako Plan Nagusirako proposamenak jasotzen hasi zirenean, elgoibartar dezentek bat egin zuten eskaera batean: anbulatorioak (osasun zentroak) egun dagoena baino (Pedro Migel Urruzuno eta Bernardo kaleen artean) leku aproposagoan egon beharko lukeela, alegia. Eta gehienen ustez, gainera, Plaza Txikia zen anbulatorioa jartzeko kokagunerik aproposena.
 Ez dira bakarrak uste horretan, Jaurlaritzako eta Osakidetzako arduradunak ere iritzi berekoak baitira; "orain zortzi urte adierazi zuen Jaurlaritzak estreinakoz Elgoibarko Osasun zentroaren kokapenaren inguruko kezka", azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak.

Anbulatorioa Plaza Txikira lekuz aldatuz gero, bertan dauden hainbat zerbitzuri leku berria topatu beharko litzaieke.

 Izan ere, herritar, udal agintari eta Jaurlaritzako arduradunen ustez, anbulatorioak gabezia asko dauzka eta ez ditu osasun zentro batek beharko lituzkeen baldintza asko betetzen: irisgarritasun arazoak, anbulantziak behar bezala maniobrak egiteko leku aproposik eza, aparkaleku falta, e.a.
 Gauzak horrela, udal agintariek Plaza Txikiko eraikinak anbulatorioa bertan jartzeko beharrezko baldintzak dituen ala ez aztertzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta erakundeko arduradunek, Udalaren eskaerari erantzunez, teknikariak bidali dituzte eraikina aztertzera.

 Azterketek baldintzak betetzen dituela ondorioztatzen badute, beti bezala, lanak egiteko finantziazioa bilatzea izango da arazo nagusia. Alabaina, denak ados daude anbulatorioak kokapen hobea behar duela esatean, eta hori, abiapuntu bat da.

Osasun Zentroak 20 urte
Gaur egun anbulatorioa dagoen Osasun Zentroa, 1990 urte inguruan inauguratu zuten. Eraikina Udalarena da, baina osasun zentro gisa erabiltzeko baldintzarekin Jaurlaritzari laga zion.