Haundi play-offetatik kanporatu du Luancoko Marinok

elgoibarren.net 2010ko mai. 24a, 10:25

 
Haundik 2-0 galdu zuen Luancon, eta hortaz, Bigarren B Mailara igotzeko borrokatik kanpo geratu da, joaneko partidan ere 1-0 galdu zuen-eta, Mintxetan. Camochu aurrelariak sartu zituen asturiarren bi golak (argazkian lehen gola sartu osteko ospakizunetan). Miramar futbol zelaian 800 zale inguru elkartu ziren, Elgoibartik joandako 100 zale inguru tartean.


 Minxetako 1 eta 0ekoari buelta eman ziezaieketela sinistuta zelairatu ziren Haundiko jokalariak Luancon. Intentsitate eta presioaren ondorioz, kanporaketa berdindu zezakeen gola sartzeko aukera paregabea eduki zuen Tarragualek seigarren minutuan. Mendaroarraren burukadak atezaina gainditu zuen, baina Pierok ozta-ozta atera zuen baloia atepetik.
 Luancoko Marinok partidaren kontrola berreskuratu zuen minutuak pasa ahala eta asturiarrak Haundiko atezainaren domeinuetara ailegatzen hasi ziren. Horietako batean, Iker atezainak baloia gaizki urrundu zuen eta Camochuk, atea hutsik zegoela aprobetxatuz, gola sartu zuen. Elgoibartarrak lur jota geratu ziren arren, bigarren zatian mirariaren bila zelairatu ziren, eta aukerak ere sortu zituzten, hiru nahiko argiak, baina baloiak ez zuen ateko marra gainditu nahi.
 Luancoko Marinok, bestalde, esperientzia handiko taldea dela erakutsi zuen eta lortutako aldea eusten jakin zuen. Partida bukatzeko hogei minuturen faltan, gainera, partida eta kanporaketa erabakita laga zuen bigarren gola sartu zuen Camochuk.
 
Argazkia: Mara Villamuza.