Hondarribiko triatloia irabazi du Ainhoa Lendinezek

elgoibarren.net 2010ko mai. 24a, 12:43

 
Triatloi proba batean lortzen duen estreinako garaipena eskuratu du Ainhoa Lendinezek Hondarribiko triatloi herrikoian (325 metro igerian; 11 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro antxintxika). Lehen emakumezkoa izateaz gainera, sailkapen nagusiko 7. postuan sailkatu zen. Lau elgoibartarrek parte hartu zuten Hondarribiko proban.

 
 


Jon Agirrebeña 6. postuan sailkatu zen.

 Egun berezia izan zen zapatukoa Ainhoa Lendinezentzat. Batetik, triatloi batean -nahiz eta Nahaste Borrasten ere irabazi izan duen- lortzen duen lehen garaipena eskuratu zuen; eta, bestetik, bere ahizpak estreinakoz parte hartu zuen triatloi batean. Lendinez oso pozik dago Hondarribian bizi izandako guztiarekin, hala ere, motzak izanagatik, "proba guztiak ikaragarri gogorrak izan ziren", aitortu du. Uretako probari zion beldur gehien, baina "hasierako golpeak gaindituta, pozik ibili ginen bizikletan eta korrika", gaineratu du triatleta elgoibartarrak.
 Uretatik hirugarren edo laugarren postuan irten ostean, bizikletan aurreratu zituen neska guztiak, "eta baita mutil asko ere". Azkenean zazpigarren postuan amaitu zuen sailkapen orokorrean; emaitza "ezin sinetsita", baina "gustura benetan".
 Guztira 62 mutil eta 24 neskak parte hartu zuten Hondarribiko proban. Nerea Lendinez ere primeran moldatu zen bere lehen proba izanagatik, eta sailkapen nagusiko bosgarren postuan sailkatu zen.
  Gizonezkoei dagokienez, Jon Agirrebeñak uretan galdutakoa bizikletan berreskuratu zuen eta korrikako saioan postuari eutsi zion. Seigarren izan zen sailkapen orokorrean. Roberto Alonso 34. postuan sailkatu zen.

Neskak:
   1. Ainhoa Lendinez (41:04)
   2. Amets Maiztegi
   3. Ainhoa Larrañaga (47:14)
   4. Maria Eugenia Ortiz (47:49)
   5. Nerea Lendinez (48:35)
*Sailkapen osoa

Mutilak:
   1. Alberto Barrio (38:41)
   2. Raul Gomez del Rio (38:51)
   3. Jose Ignacio Lopez (39:41)
Elgoibartarrak:
  6. Jon Agirrebeña (40:56)
  34. Roberto Alonso (49:08)
*Sailkapen osoa
 
 
*Iturria: Urgazi