Ekaineko barixakuetan antzerkia eta musika nagusi Madalako parkean

elgoibarren.net 2010ko mai. 24a, 13:44

Barixakuetan herrian sortzen den kale giroa indartzeko asmoz, hainbat kultur ekintza, kontzertuak eta kale antzerkia, batik bat, antolatu ditu Udalak, ekainerako, Madalako parkean. Elgoibarko Musika Bandako hainbat kidek eta beste musikari batzuk osatzen duten Big Band taldea (ondoko argazkian) izango da Madalako parkeko eszenatokira igoko den aurrenekoa, ekainaren 4an.


Big Band taldearen kontzertua

1706639673397 Ekaineko barixakuetan antzerkia eta musika nagusi Madalako parkean

  Big Band taldeak, ekainaren 4an, eskainiko duen kontzertuak irekiko du Madalako parkeko ekaineko programazio berezia. Elgoibarko Musika Bandako hainbat kidek eta beste musikari batzuk osatutako taldea da Big Band. Ohiko bandek ez bezalako musika egiten dute. Pianoa eta baxu elektrikoa bezalako instrumentuen laguntzaz, jazz eta swing estiloko doinuak eskaintzen dituzte. Iban Guinea musikari gaztearen ekimenez sortu da taldea. San Anton Egunean, joan den urtarrilaren 17an, aurkeztu zuten taldea jendaurrean eta Herriko Antzokia txiki geratu zen orduko hartan.

Ekaineko programazio berezia Madalan
  • Ekainak 4: Big Band taldearen kontzertua (22:30ean)
  • Ekainak 11: Expresion Sonora talde elgoibartarraren kontzertua (20:00etan) 
  • Ekainak 18: Kale antzerkia. Hortzmuga Teatroak taldearen "Superplast!" (20:00etan)
  • Ekainak 25: Kale antzerkia. Pikor Teatroa taldearen "Ellas bailan solas". (20:00etan)