Edu Uribek 25 ordutan amaitu du ‘Kantabriako infernua’

elgoibarren.net 2010ko mai. 24a, 15:03

'Kantabriako infernua' moduan ezagutzen da Cabezon de la Sal (Kantabria) herriko inguruetan egiten den "Los 10.000 del Soplao" ultra trail proba, besteak beste, 125 kilometrotako ibilbide gorabeheratsuagatik. Aurten, gainera, 35 gradutik gorako beroek benetako infernu bilakatu dute: irteera hartu zuten 70 lagunetatik 27 besterik ez ziren helmugara ailegatu, tartean Edu Uribe. Elgoibartarrak 25 ordu eta 15 minutu behar izan zituen proba amaitzeko eta, ohi duenez, Kantabria aldeko mendietan bizitakoak lehen pertsonan azaldu ditu bere blogean.



 Izatez mendi bizikletentzako proba entzutetsua da "Los 10.000 del Soplao". Urtez urte 3.000 txirrindulari inguruk parte hartzen dute 165 kilometroko proban. Aurten, estreinakoz, oinezko mendi martxa (46 kilometro), mendi maratoia (45 kilometro) eta ultra-traila (125 kilometro) gehitu dizkiote mendi bizikletako probari.

Nekea Edu Uriberen aurpegian. 22 orduz, geratu gabe, oinez ibiltzearen ajeak.

 Guztira 3.400 parte hartzaile batu ziren, zapatuan (maiatzak 22), Cabezon de la Sal herriko irteeran; 2.950 txirrindulari, 300 lagun mendi martxa egiteko prest, 100 bat mendi maratoilari eta 70 lagun ultra-traila egiteko asmoz. Asko izan ziren proba amaitzerik lortu ez zutenak, beroak bere galbahea pasa baitzuen.
 Edu Uribek 22. postuan amaitu zuen 125 kilometroko ultra trail proba (Elgoibarko Mendi Itzuliak 38 kilometro dauzka), eta, bero handiaz gainera, txirrindulariekin ibilbidea partekatu beharra izan zela gogorrena adierazi du: "Portuak jaistea tokatzen zitzaigunean, gure albotik ziztu bizian pasatzen ziren txirrindulariak eta behin eta berriz bazterrera jo behar izaten genuen. Horrek asko zaildu zuen gure proba".

  • Ikusi hemen: "Los 10.000 del Soplao" probaren kronika eta argazkiak Edu Uriberen blogean (Mendi lasterketa)