Gai nagusi baten inguruan antolatzen dute, urte batzuetatik hona, Trinitate Jaietako Nagusien Danborrada. Itsasoarekin hasi ziren 2007ko danborradan, ardoa izan zen 2008ko protagonista eta iaz euskal ezkontza irudikatu zuten.
Gazta izango da aurtengo gaia. Hiru karroza irtengo dira danborradan, eta guztiak gaztarekin eta artzaintzarekin zerikusia izango dute: bildotsak erreko dituzte batean; bestean hiru bildots eramango dituzte bizirik, eta hirugarrena Idiazabalgo gaztaren museotik ekarritako elementuz hornituta egongo da. Azken honetan joango da Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegi.
23:30ean elkartuko dira danbor joleak eta barrileroak Nafarroa Plazan, eta Errosario kaletik joango dira Plaza Handira. Denak formatu ondoren, bandera altxatu eta kanoi jaurtialdiarekin hasiko da danborrada, 00:00etan. Hori baino lehen, jendea harrituko duen sorpresa zaratatsu bat ere izango da.
•Aldaketak ibilbidean
Danborradaren ibilbidean ere aldaketak egin dituzte aurten. Madalara iristean, errotondan lagako dituzte karrozak, baina danborradak Upaiz Zaharra kaletik jarraituko du, Herriko Antzoki pareraino. Itzulera Pedro Mugurza etorbidetik egingo dute.
Bi ordu inguruko iraupena izango du danborradak, eta herria zeharkatu ondoren, Plaza Handian amaituko da.