Atzo (maiatzak 27) egin zuten udaletxean maiatzeko Osoko Bilkura, eta beste zenbait punturen artean, Arnaldo Otegiren Lagunak izeneko plataformari buruzko mozioa aurkeztu zuen EAJk, eta aldeko bederatzi botorekin onartu zen. EAJ (6 boto), EA (2 boto) eta Aralarrek (boto bat) mozioaren alde bozkatu zuten, eta PSE-EE (4 boto) eta PP (boto bat) alderdiek kontra bozkatu zuten.
Francisco Javier Nuñez PPko zinegotziak bere kontrako botoa azaldu zuen: "Otegi jauna ez dago legearen gainetik, eta bere ekintzen erantzule izan behar du". (bere webgunean ikus dezakezue arrazonamendu guztia). Ovidio Campello zinegotzi sozialistak, bestalde, bi arrazoi aipatu zituen bere alderdiaren jarrera azaltzeko: Batetik, erabaki judizialak errespetatu behar direla adierazi zuen, eta bestetik, mozioak ez duela “ETA desagertzea eskatzen” azaldu zuen.
Bittori Zabalak irakurri zuen mozioa, eta haren arabera, Arnaldo Otegiren Lagunak plataforma jende anitzak osatzen du eta ideia askotako pertsonak biltzen dira. Otegik berak eta bere familia jasaten ari diren egoera ez dela zuzena adierazi zuten, eta argi laga zuten Arnaldo Otegiren askatasunaren aldekoak direla. Honako sei puntu biltzen ditu mozioak:
- Gizartean bakearen aldeko jarrerak bultzatzen jarraitu; Elgoibarren bezala, Euskal Herrian ere politikari aukera emanez.
- Giza Eskubideen, Nazio Eskubideetan eta Justician oinarritutako bakea eta elkarlana aldarrikatu. Hori dela eta, babesa eta hurbiltasuna adierazi gizartean polítika eta giza eskubideekin bat datozen baliabideen bitartez lanean saiatzen diren ordezkari eta herritar guztiei eta bereziki, beraien eskubideak eta askatasuna murriztuak dituztenei.
- Politika eta justiziaren ezarpen interesatuaren bitartez agindu humanitarioei eta eskubideei zor zaien errespetua eta konpromiso ezak ere kezkatzen gaitu eta salatu beharrean gaude.
- Elkarrizketaren bitartez soilik, Euskal Herrian bizi dugun gatazka behin betiko gainditzeko lan egin beharra aldarrikatu.
- Honela izanik, Otegi jauna eta bere senideei hurbiltasuna adierazi eta Otegi jauna bera gure artean libre egon dadin eskatu, aipatutako bakea eta elkarlana politikaren bitartez soilik gauzatzen jarduntzeko.
- Azkenik, eskaera hau Euskal Herriko zein Estatu Espainiarreko instituzioei helaraztea.