Ane Labakak irabazi du Plazatik Gaztetxerako Elgoibarko kanporaketa

elgoibarren.net 2010ko eka. 2a, 14:02

 
Plazatik Gaztetxerako laugarren eta azken kanporaketa irabazi zuen Ane Labakak, Elgoibarko Gaztetxean jokatu zen bertso saioan. Mikel Olaizola elgoibartarra hirugarren postuan sailkatu zen. Datorren zapatu eguerdian Mutrikun jokatuko den finalean nortzuk arituko diren ere erabakita geratu zen.


  Elgoibarko kanporaketako kronika irakur dezakezue ondorengo lerroetan, Ibilixan-ibilixan bertso eskolako kideen eskutik.
  Iluntzeko zortzi terdietarako berrogei afaltiar inguru bildu ziren gaztetxean joan den barixakuan, maiatzaren 28an. Tripa ederki beteta, saio hasierarako 70 lagun inguru zeuden; giro polita sortu zuten gaztetxean, bertsotarako atsegina. Aurreko urteko esperientziaz, gaztetxeko kideek lokala ez-ohiko eran antolatzea erabaki zuten giro beroagoa lortu asmoz, baita bete-betean asmatu ere.

1706639665311 Ane Labakak irabazi du Plazatik Gaztetxerako Elgoibarko kanporaketa

  Punttu-punttuan ekin zioten lanari bertsolatiek Kataloren esanera. Lasai eta seguru aurkeztu zuen saioa elgoibartarrak, gaiak modu txukun eta argian jarriz. Bertsolariek ere maila politean erantzun zuten, ofizioko lan ederrak eskainiz. Saioa bizi joan zen, gora behera batzuekin baina maila onean. Lastima une batean ere ez zela lehertzera iritsi, erabateko gozamena izango litzateke bestela.

  Bertsolariak banaka aztertzen hasita, saioko bi Mikel-ak, Ane Labakarekin batera, gainerako hiru kantukideak baino koska bat gorago aritu zirela onartu behar dugu. Lekeitiarrek ez zuten gaurik onena izan, Toko-k berak amaieran onartu zuen bezala. Xabat Galletabeitiak eta Izar Mendigurenek ere ez zuten bete-betean asmatu, tarteka ale politak bota bazituzten ere.

  Lehen hiru postuetan lehia orekatuagoa izan zen. Mikel Artola alegiarra izan zen puntu gehien batu zituena, Mikel Olaizola herriko bertsolari gaztearen aurretik. Azpimarragarria izan zen Olaizolak eginiko saioa, jendeaurren kantatzeko ohiturarik izan gabe, lasai eta ongi arrazoituz kantatu baitzuen, bertsoa goitik behera ongi osatuz eta bixi-bixi kantatuz.

1706639665381 Ane Labakak irabazi du Plazatik Gaztetxerako Elgoibarko kanporaketa

  Esan bezala, Artola izan zen epaileek aukeratua. Hala ere, entzulegoak bestelako iritzia zeukan, eta Ane Labaka aukeratu zuen. Honenbestez, bi bertsolarien artean buruz-burukoa izan zen. Lehia estua izan zen 10eko txikian bota behar izan zituzten 3na bertsotan. Bi bertsolariak aritu ziren dotore baina, Mikelek labankadatxo bat izan zuen eta, hanka-sartzerik gabe eta arrazoi politak emanaz,  Anek lortu zuen lehen postua, baita Mutrikun kantatzeko zuzeneko txartela ere.

  Sari gisa kulero eta kantzontziloak jaso zituzten bertsolariek gaztetxeko kideen eskutik. Toreroek baino arrakasta gehiago dute bertsolariek Elgoibarren!

    Honenbestez, horrela geratu zen sailkapena Elgoibarren:
  • Ane Labaka                      190 (finalera zuzenean sailkatuta)
  • Mikel Artola                       203
  • Mikel Olaizola                    191
  • Xabat Galletebeitia             175
  • Izar Mendiguren                 172.5
  • Aitor Arrizubieta “Toko”      170.5

Finala Mutrikun

  Kanporaketak amaituta Elgoibarren jakin genuen finalean ze sei bertsolari arituko diren ere. Zuzenean sailkatzerik lortu ez zuen arren,  finalean arituko da Mikel Artola ere. Asier Azpirozekin batera, biak dira puntuazioz finalera pasatzea lortu duten bi bertsolariak.
  Plazatik Gaztetxerako IX. Txapelketa iritsi da azken txanpara. Finala jokatzea besterik ez da falta. Kanporaketak ez bezala, bazkalostean jokatuko da, Mutrikuko Gaztetxean. 14.30etan izango da bazkaria eta ostean saioa. Bazkaltzera hurbiltzeko asmoa duenak, tiketak salgai ditu ohiko lekuetan.

SAILKAPEN OROKORRA
  • Ander Lizarralde    214  (finalera zuzenean sailkatuta)
  • Beñat Iguaran    207  (finalera zuzenean sailkatuta)
  • Ane Labaka    190  (finalera zuzenean sailkatuta)
  • Hodei Barroso    187.5  (finalera zuzenean sailkatua)
  • Mikel Artola    203  (finalera puntuazioz sailkatuta)
  • Asier Azpiroz    198  (finalera puntuazioz sailkatuta)
  • Hodei Iruretagoiena    193
  • Mikel Olaizola   191
  • Ander Solozabal    190,5
  • Aitor Urnieta    189
  • Ander Elortegi    186,5
  • Ekhi Erremundegi    186,5
  • Eneritz Artetxe    184.5
  • Julen Sololuze    180  
  • Patxi Iriart    180 
  • Peru Vidal    179.5
  • Eneko Beretxinaga    178
  • Xabat Galletebeitia    175
  • Ekaitz Samaniego    174.5 
  • Maddi Gallastegi     173
  • Izar Mendiguren       172.5
  • Olatz Ibarluzea         171.5
  • Irati Erkizia               171
  • Aitor Arrizubieta “Toko”   170.5