Sarobek eta Rubiok bost kilometro inguruko ibilbide gogorra osatu beharko dute korrika lehendabizi, Mendaroko udaletxe paretik irten eta Lizarpe gainera arte. Aldapa pikoetan indarrak neurtu ostean, kana erdiko bi enbor moztu beharko dituzte ondoren, Lizarpen. 11:00etan irtengo dira Herriko Enparantzatik korrika. Herri kirolen munduan eta apustuen saltsan ibilitakoak dira biak ere, eta domekako lehiak ikusmin handia sortu du Mendaron, eta baita inguruotako herrietan ere. Izan ere, euskal izaerari estu lotuta dauden arren, apustuak asko bakandu dira azken aldian gure artean.
*Argazkiak: Iñigo Lazkano.