'Big band'-ak kontzertua eskainiko du gaur Madalan

elgoibarren.net 2010ko eka. 4a, 12:26

 
Elgoibarko Udalak aire berria eman nahi dio Madalako guneari, eta ekaineko barixakuetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu. Big band-aren kontzertuak irekiko du egitaraua gaur gauean. 22:30etik aurrera, jazz estiloko musikaz gozatzeko aukera izango da.

 
 
 Big band-ak barneratzen dituen musika estilo guztiak joko ditu taldeak gaur gauean: latin jazz, swing, bosa nova... 11 abesti eskainiko dituzte guztira, eta ordubete inguruko saioa egingo dute.

Elgoibarko Big band-a Iban Guinea musikari gazteak zuzentzen du. Iaz sortu zuten taldea, Inazio Bereziartua musika eskolaren 25. urteurrenaren harira. Santa Zezilia egunean eman zuten estreinako kontzertua, eta bigarren aldiz San Anton egunen irten ziren jendaurrera, Herriko Antzokian. Gaur aire librean joko dute, eta Iban Guinearen iritziz, oso giro aproposa da horrelako kontzertua eskaintzeko.

Aurrera begira, urtean bizpairu kontzertu ematea da taldearen helburua. Iban Guineak argi utzi du BARREN astekariari (743. alean) eskainitako elkarrizketan ez daukatela inolako "obligaziorik", eta big band-a beraientzat hobby bat dela.
 

1706639648694 'Big band'-ak kontzertua eskainiko du gaur  Madalan

Big band
-a osatzen duten musikariak:

  • Zuzendaria: Iban Guinea.
  • Saxofoiak: Miguel Goiburu, Fernando Ansola, Aitor Jauregi, Alberto Cardaba, Julen Azpiazu.
  • Tronboiak: David Garrido, Beñat Konde.
  • Tronpetak: Aitor Olasolo, Hector Garrido, Beñat Bilbao, Bitxor Alberdi.
  • Bateria: Elur Arrieta.
  • Pianoa: Naroa Garcia.
  • Baxu elektrikoa: Iñigo Araujo.