Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

elgoibarren.net 2010ko eka. 7a, 12:21

Jende ugari batu zen zapatuan Idotorbe-San Pedroko elkartearen inaugurazio ekitaldian. Ekitaldi hori, era berean, Pako Iriondo Euskal Herriko Mendi Federazioko ohorezko presidentea omentzeko baliatu zuten Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Mendizale Elkarteak eta Morkaiko Mendizale Elkarteak.


Elkarte gastronomiko bat baino gehiago

 Campezo eraikuntza enpresak egin ditu Idotorbeko elkarteko obrak, eta 511.000 euro inguruko aurrekontua izan du horretarako. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jarri dute 320.000 euro inguru, eta Udalak, gainerakoa. Ohiko elkarte gastronomiko bat baino gehiago da, baina, Idotorbe-San Pedroko elkarte berria. Auzotarrek bilgune gisa erabiliko duten lokalaz gain, proiektu berritzaile bat garatzeko lekua ere egin baitu bertan Udalak. Funtsean, hiru gune izango ditu elkarte berri horrek:
  1. Auzotarren bilgunea
  2. Hitzaldi gela
  3. Eguneko zentro
 Auzotarren elkartea Idotorbe-San Pedroko auzotarrek eurek kudeatuko dute, eta momentuz 40 bat bazkide ditu. Lokal horren ezkerreko aldean, hitzaldi gela dago. Elgoibarko Udalak kudeatuko du lokal horren erabilera. Hitzaldiak nahiz ikastaroak emateko egokitutako gela da, eta Alfredo Etxeberria alkateak inaugurazio ekitaldian jakinarazi zuenez, zabalik dago edozein enpresak edo elkartek erabili ahal izateko.
Anateusk, proiektu berritzailea
Eguneko zentro izateko diseinatutako gunea da, baina, Idotorbe-San Pedroko elkarte berri horretako gunerik deigarriena. Gizarteak bazter utzitako jendeari eta ezintasunen bat duten haurrei nahiz adineko jendeari laguntzeko sortu dute. Anateusk izena jarri diote proiektu horri, eta oraindik hastapenetan dagoen arren, inguruotako erreferentziazko zentro bihurtu nahi dute proiektuaren sustatzaileek. Hala jakinarazi zuen Jesus Bilbaok, talde horren bozeramaile lanak egin zituenak.

Pako Iriondori omenaldi hunkigarria
Trikitalariek eta bertsolariek girotu zuten Idotorbe-San Pedroko elkarte berriaren inaugurazio ekitaldia. Meabek eta Narbaizak jardun zuten bertsotan, eta Baltzola anaiek, soinua eta panderoarekin. Ekitaldian Pako Iriondo mendizalea ere omendu zuten. Haritz dantza taldekoek egin zioten aurreskua, bere omenez eraikitako eskulturaren ondoan, eta Elgoibarko Udalak eta Morkaiko Mendizale Elkarteak oroigarri bana oparitu zizkioten, herriaren izen ona zabaldu eta mendizaletasuna sustatzeko egindako lanagatik. Ondoren, herri kirolen txanda hasi zen. Goenatxo eta Goikoetxe harri jasotzaileek eta Bihurri eta Flores aizkolariek parte hartu zuten, eta Evaristo Valdesek Juanategi baserritan hazitako idiak ikusteko aukera ere izan zuten Idotorbera gerturatu zirenek.
 
Argazkiak:

1706639642037 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642116 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642184 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642271 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642344 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642388 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642464 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan

1706639642509 Pako Iriondo omendu dute Idotorbeko elkartearen inaugurazioan