Kopako finala galdu du Real Santa Cruz taldeak

elgoibarren.net 2010ko eka. 10a, 13:16

 
Orain dela bi urte sortutako taldea izan arren, estreinako titulua lortzeko ateetan geratu da Elgoibarko boliviarrez osatutako Real Santa Cruz futbol taldea. Bizkaiko Afizionatuen Kopa Txapelketako finalera ailegatu ostean, Elgoibarko boliviarrek 6 eta 1 galdu zuten Ermuko Galiziar Etxeko taldearen aurka.


Zaletuen babesa ez zen finala irabazteko nahikoa izan.

 Bizkaiko Afizionatuen Ligan jokatu du aurten Real Santa Cruz taldeak. Hogei taldek parte hartu dute liga txapelketan eta zortzi onenak Kopa jokatzeko sailkatu ziren. Jose Reny Melgar taldeko entrenatzaileak aitortu duenez, denboraldiko azken txanpara sasoi betean heldu ziren Real Santa Cruz taldekoak, "Ligako laugarren postua eskuratu ostean, itxaropentsu hasi genuen Kopa txapelketa. Final laurdenetako kanporaketa gainditu eta gero, Ligako txapelduna, Boavista taldea, kanporatu genuen finalaurrekoan. Partida estua izan zen. Bina berdindu ondoren, penaltietan irabazi genien". Zaldibarren jokatu zen finalean, baina, aurkari gogorra izan zuten aurrean eta 6 eta 1 amore eman behar izan zuten ermuarren aurka.

Bi taldeak finala hasi aurreko argazkian.

 Finaleko emaitzarekin lotsatu xamar baina, oro har, denboraldian egindako lanarekin gustura dago Melgar entrenatzailea. "Galdu ezean ezin da garaipenerako bidea ikasi", adierazi du, eta dagoeneko hasi da hurrengo denboraldia prestatzen. Taldearen oinarria mantendu eta fitxaketaren bat edo beste egiteko asmoa dutela aurreratu du.
 

Jose Reny Melgar entrenatzailea (eskuinean) txapeldunordearen garaikurra jasotzen.

Kopako txapeldunordeak, partidaren amaieran koparekin.