Asteburuko kontzertuak: ‘Expresion Sonora’ gaur eta Bergarako Udal Musika Banda bihar

elgoibarren.net 2010ko eka. 11a, 09:15

Musikazalek gozatzeko aukera bikoitza izango dute asteburu honetan. Batetik, Bergarako Udal Musika Bandak, Elgoibarko Udal Musika Bandaren 125. urteurreneko ospakizunekin bat eginez, kontzertua eskainiko du zapatuan (ekainak 12) San Bartolome parrokian; eta, bestetik, ‘Expresion Sonora’ musika taldeak (ondoko argazkian) Madalako parkean emango du kontzertua gaur (ekainak 11).


60ko hamarkadako doinuak Madalako parkean

1706639637404 Asteburuko kontzertuak: ‘Expresion Sonora’ gaur eta Bergarako Udal Musika Banda bihar

Elgoibarko Expresion Sonora musika taldeak kontzertua eskainiko du 20:00etatik aurrera, Madalako parkean. Nostalgikoek, beraz, 60ko eta 70ko hamarkadetako musika estiloaz gozatzeko aukera izango dute. Expresión Sonora taldea Gabriel Agirregomezkorta, Luis Mari Arakistain, Patxi García eta Alfonso Guilló elgoibartarrek sortu zuten 1969an, eta bi urteetan ospe handia hartu zuten. Besteak beste,
Beatles, Rolling Stones edo Animals taldeen bertsioak egiten dituzte elgoibartarrek. Madalako guneari bizitasuna emateko ekitaldien barruan antolatu du Udalak Expresion Sonoraren kontzertua.

Bergarako Udal Musika Bandaren kontzertua San Bartolome parrokian

76 musikarik osatzen dute Bergarako Udal Musika Banda.

Bergarako Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du bihar San Bartolome parrokian, Elgoibarko Udal Musika Bandaren 125. Urteurreneko ekitaldien barruan. Kontzertua 22:00etan hasiko da, eta doan izango da. Bergarako musikariek bost pieza (ikusi hemen egitaraua) eskainiko dituzte, Alfredo Gz. Chiriaqueren zuzendaritzapean.
1832an sortutako banda
  Bergarako Musika Banda 1832ko otsailaren 19an sortu zen, eta ordutik gaur egunera arte hainbat sari irabazi izan ditu. 1905ean Eskualdeko banden lehiaketa irabazi zuen Eibarren, eta 1913an Euskal Herriko banden txapelketa eskuratu zuen Irunen. Bost urte geroago, Espainiako musika banden txapelketa antolatu zuten Bilbon, eta hirugarren saria eskuratu zuten. Bergarako Udal Musika Bandak 2007an ospatu zuen 175. urteurrena. Gaur egun 76 musikarik osatzen dute taldea, eta urtean hamabi kontzertu eskaintzen ditu.
 Bestalde, Elgoibarko Musika Bandak ekainaren 20an eskainiko du hileroko kontzertua Herriko Antzokian, eta uztaileko lehen asteburuan egingo dute 125. urteurreneko ospakizun ofiziala.