‘Ez dago etxean’ izenburuko liburua kaleratu du Jokin Urain idazle presoak

elgoibarren.net 2010ko eka. 11a, 10:08

 
Kartzelako literaturaren historia eta ihes egiteko nahiari buruzko gogoetak jaso ditu Jokin Urain idazle presoak (Mendaro, 1959) Ez dago etxean izenburuko lanean. Preso egonda liburu gehien idatzi dituen euskal presoa da Urain; bosgarrena du honakoa. (audioa dauka)



 1986. urtetik preso dago Espainiako kartzeletan, eta bosgarren liburua du hau: Izaina (Amnistiaren Batzordeak, 1990) eta Adlotse (Txaparta, 1992) nobelak, Gatibu sortu nintzen kronika liburua (Susa, 2000), eta Errotarria saiakera (Susa, 2006). Bera da preso egonda liburu gehien idatzi dituen euskal idazlea.
 1937tik 2009ra bitartean euskal presoek sortutako literaturaren kontaketa egin du Urainek Ez dago etxean (Susa) azken lanean, bilketa lana eta sorkuntza uztartuta. "Ihesa eta kartzela, espetxea eta literatura, giltzapeko bizimodua. Horiek dira esku artean dituzun testu hauen zutarriak. Eta ihesaldi eta kartzelako literatura modernoa lehenetsi dira, modernotzat hartuz, Espainiako Gerra Zibil garaitik honako euskal presoen historia eta testu produkzioa", dio Urainek liburuko Jalgi hadi kanpora izeneko lehenengo testuan.

Senide eta adiskideen laguntza
"Kartzelako euskal literaturaz idatzi den liburu osatuena da", esan du Jose Luis Otamendi idazle eta editore azpeitiarrak. Liburua idazteko, senide eta adiskideen laguntza ezinbestekoa izan du informazioa biltzeko, baita preso egondako beste hainbatena eta zenbait idazle adiskiderena ere. Jose Luis Otamendi berak aurkeztu du liburua jendaurrean eta komunikabideen aurrean. Ondorengo audioan Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa entzun dezakezue.