Inauguratu dute Mendaro Ospitaleko larrialdi zerbitzu berria

elgoibarren.net 2010ko eka. 16a, 13:57

 
Gaur (ekainak 16) zabaldu dute Mendaro Ospitaleko larrialdi zerbitzu berria. Hiru milioi euroko aurrekontua izan dute 2008ko urrian hasi ziren obrek, eta lanok amaituta, 1.300 metro koadroko azalera hartu dute larrialdi zerbitzuek.



 “Ezinbestekoa zitzaigun obra hauek egitea orain hamar urte hasitako lan ildoa jarraitzeko. Poliki-poliki eta isil-isilik jardun dugu lanean, baina beti aurrera eginez, Mendaroko estiloan. Talde profesional ona geneukan, baina bitartekoak falta genituen, eta larrialdi zerbitzu berri hau herritarren zein hemen lanean ari diren profesionalen beharren arabera diseinatu dugu”, azaldu du Gorka Sarasola Mendaro Ospitaleko gerenteak, gaur goizean egin duten aurkezpen ekitaldian.

Ezkerretik hasita: Jesus Mari Fernandez, Eduardo Garate eta Gorka Sarasola.

 
Gorka Sarasolaz gain, Jesus Mari Fernandez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak, Eduardo Garate Osasun Laguntzako zerbitzuen zuzendariak, eta Irune Berasaluze Mendaroko alkateak parte hartu dute, baina Donostiako Ospitaleko arduradunak eta Mendaro Ospitaleko lantalde handia ere bertan izan da.
 
•Erreferentziazko ospitalea 80.000 lagunentzat
Beharrak eragindako obrak izan direla nabarmendu dute hitza hartu duten guztiek, eta hainbat datu eman dituzte horren adierazgarri. Mendaroko Ospitalea da Debabarrenako ospitalea, 80.000 herritarren erreferentziazko ospitalea. Iaz, 7.400 lagun ospitaleratu zituzten bertan, 600 haur jaio ziren, eta 5.500 ebakuntza kirurgiko egin zituzten. Era berean, 31.000 lagun artatu zituzten larrialdi zerbitzuetan. Azken hamarkadako datuekin alderatuz gero, baina, nabarmena da gora egin duela. Azken hamarkadan eguneko ospitale mediko-kirurgikoaren jarduera hirukoiztu egin da, eta ingresu gabeko ebakuntza kirurgiko-kopurua bikoiztu egin da. Era berean, azken bi urteotan hirukoiztu egin da etxeko ospitalizazio zerbitzua erabili dutenen gaixoen kopurua.