Hasita daude Arrillaga kalea berriz urbanizatzeko lanak

elgoibarren.net 2010ko eka. 16a, 15:37

 
Joan zen astean hasi zituzten Campezo eraikuntza enpresako behargiñek Antonio Arrillaga kalea berriz urbanizatzeko lanak. Datozen hilabetetan, obrek irauten duten bitartean, hainbat aldaketa jasan beharko dituzte inguruko bizilagunek. Hala ere, badirudi, zenbait herritar ez dela konturatu edo kale horretan dauden lurpeko edukiontziak ez daudela funtzionamenduan, zaborrak bertan lagatzen jarraitzen baitute.


•Aldaketak trafikoan
Espaloiak eta zorua berritzeaz gain, Antonio Arrillaga kalean egun dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko lanean dihardute langileek. Lan horiek bizilagunengan, garaje erabiltzaileengan eta ingurune horretako trafikoan, oro har, eragina izango dute. Hala, San Inazio kaleko norabidea aldatu egingo da: Trenbide kaletik sartu ahal izango da, baina ez irten. Ubitarte kaletik, berriz, orain arte bezala, Trenbide kalera irtengo da. Santa Ana kalea orain arte bezala oinezkoentzako izango da lanegunetan 7:00etatik 11:0etara izan ezik.

Hondakinak jasotzeko leku aldaketa
Obrek irauten duten bitartean ezin izango dira Antonio Arrillagako lurpeko edukiontziak erabili, eta San Inazio kalean egongo da hondakinak jasotzeko leku berria. Debabarrenako Mankomunitateak edukiontzietan itsatsi dituen oharretan aldaketa honen berri ematen duen arren, jendeak zaborra bertan lagatzen jarraitu du eta gainezka egin du dagoeneko, auzotarrak haserretuz. 

1706639632894 Hasita daude Arrillaga kalea berriz urbanizatzeko lanak

1706639632957 Hasita daude Arrillaga kalea berriz urbanizatzeko lanak


Ubitarte gero
Antonio Arrillaga berriz urbanizatzeko lanak amaitutakoan, Ubitarte ingurua ere urbanizatzeko asmoa aurreratu zuten Udal agintariek. Inguruari osotasun itxura bat eman nahi dio Udalak.
Bai Antonio Arrillaga kaleari eta bai Ubitarte inguruari "itxura berritua" eman nahi diote, eta horrek "beste balio bat" emango die inguru horretan dauden lokalei, Alfredo Etxeberria alkatearen esanetan.