•Oinutsik ibiltzen zara. Zergatik?
Aiba dios. Zergatik? Horixe delako naturalena. Hanka hutsik jaio nintzen ni, hortaz, txarra ezin liteke izan.
•Denok ere hala jaio ginen, baina ez dut urte guztian hanka hutsik ibiltzen den beste inor ezagutzen. Oker al gaude denok?
Oker ez, tontotuta. Baita neu ere. Halaxe hezi gintuzten, eta halakoxeak gara.
•Alkandora eta galtzak ere soberan dauzkazu orduan!
Halaxe da. Muga batzuk daude, ordea, eta ez daukat gogorik horrelako tontokerietan borroka egiteko. Lagatzen didaten neurrian neurea egingo dut… eta kitto!
•Aitortuko didazu, baina, jendeari atentzioa deitzen diola.
Denetarik entzun behar izan dut. Andraren bat edo bestek hotzik ez al dudan pasatzen ere galdetzen dit. Horrelakoetan erantzutea da egin dezakedan txarrena, galdera inozoa bada, are gehiago baita erantzuna, bere sinpletasunagatik. Hortaz, hobe isilik geratzea.
•Noiztik ibiltzen zara oinutsik?
Haizeak eman zidanetik. Arantzazu inguruan botak laga eta oinutsik igo nintzen behin Aizkorrira. Akorduan daukat dena elurtuta zegoela. Gaztetan oinutsik ibiltzen nintzen mendian. Han, baina, inork ez ninduen ikusten. Urteetan egon nintzen ortozik ibili gabe, eta orain hiru bat urte hasi nintzen berriz ere. Berdin du euria edo elurra egin, gorputza ohitu egiten da. Sandaliekin ibiltzen nintzenean, ohean sartu eta hiru ordu behar izaten nituen neguan oinak epeltzeko. Oinutsik nabilenetik beti epel dauzkat oinak. Zirkulazioa hobetu zaidala uste dut.
•Izarraitz eta Aizkorriko harriak zorrotzak dira ba…
Oinak ohitu egiten dira, eta mina agoantatzen ikasten da. Hala ere, orain hasieran baino min handiagoa ematen dit. Hori ez da mina, ordea. Minik handiena etxe azpian ditudan gazteek eman didate, ateratzen duten zaratarekin. Inori opa ez diodan urte eta erdiko tortura bizi izan dut. Demaseko istiluak izan ditut eurekin.
•Hori da bizitzan pasa zaizun gauzarik okerrena?
Okerrena nire anaiaren heriotza izan zen. 13 urterekin hil zen, eta nik artean 15 urte neuzkan. Soldadutza ere ez zen gazte horiekin eduki dudan arazoa bezain txarra izan.
•Soldadutzaren gaia atera duzunez, non egin zenuen?
Bi urte pasa nituen soldadutza egiten: “Uno por idiota y otro por tonto: dos años”. 21 hilabete egin nituen Temerario izeneko Fragatan, Cartagenan (Murtzia). Gogorra izan zen soldadutza itsasoan egitea, baina, era berean, harexek aldarazi zidan bizitza. Itsasoan bizitakoak mendirako joera piztu zidan, nolabait, eta bidaiatzeko grina sortu. Ederki bizi nintzen baina haizeak hortik eman zidan eta bidaiatzen hasi nintzen, sekula Mendaro eta Elgoibartik atera gabea nintzen arren.
•Lehen bidaia nora egin zenuen?
Etxetik 5.000 pezetarekin irten eta Iberiar Penintsula osoa zeharkatu nuen, soldadutza amaitu eta urtebetera (1966an). Hirugarren mailako trenetan bidaiatu nuen. Zenbat botatzen ditudan faltan egurrezko bagoi haiek! Ihes egitea, gauza berriak ikustea, abentura... nahi nituen. Bidaia guztiak bakarrik egin ditut, bat izan ezik. Penintsulatik ibili ostean, hurrengo urtean, Italia alderantz jo nuen Gabilondorekin, orain Brasilen bizi den elgoibartarrarekin. Ez genuen elkarrekin asko iraun. Pisara ailegatu ginenean gaua pasatzeko kanposantu bat bilatu behar genuela aipatu nion, ordurako gogoko nuelako gaia. Hurrengo egunean nire planak ez zirela berarentzat modukoak esan zidan. Erromarantz jo genuen eta han banatu ziren gure bideak. Austriara joatea erabaki nuen, baina gaizki ulertu baten ondorioz, Munich-eraino ailegatu nintzen trenez, tren aldaketa bat gaizki egin nuelako. Hori bai ezustea, tren geltokiko kartelean Munchen irakurri nuenean. “Non arraio nago?” pentsatu nuen, Munich ezagutzen nuelako, ez ordea Munchen (alemanez). Dirua aldatzera joan eta markoak zirela ikusi nuenean jakin nuen Alemanian nengoela. Polizia batek pasaportea ere eskatu zidan, baina takilatik berreskuratu eta beldurraren beldurrez ospa egin nuen. Hurrengo trena hartu eta buelta.
•Nora egin zenituen hurrengo bidaiak?
Bidaiatzeko egiten nuen lan. Tornularia izan naiz 13 urte nituenetik, eta pentsatutako tokira bidaiatzeko erabiltzen nuen urtean zehar aurreztutako dirua. Espainia eta Italiara eginiko bidaien ostean, Afrika iparraldeko kostaldea (Melilla eta Argelia), Grezia, Estanbul eta Egipto ezagutu nituen. Bost egun behar ziren Bartzelonatik Egiptora barkuz bidaiatzeko. Egipton egon eta gero, 1971. urtean, Indiara ailegatzea izan zen nire helburu bakarra.
•Zer dago, bada, Indian?
Saiatu, askotan, baina behin bakarrik ailegatu naiz Indiara. Bidaiatzeko hegazkinik hartzen ez nuenez, ailegatu aurretik nekatu eta bueltatu egiten nintzen. Turkiaraino iristen nintzen batzuetan, Iraineraino besteetan… eta halako batean, dozena bat saiakeraren ostean, Indiaraino ailegatu nintzen azkenean. Orain dela 30 urte izan zen. Zer dagoen Indian? Egia esan ez zen nik espero nuena bezalakoa izan: tripako minak eduki nituen, jende eta zarata larregi zegoen, etabar. Bitxia da, ordutik egin ditudan irteeretan sekula ez naizelako Iberiar Penintsulatik irten.
•Zer bilatzen duzu bidaietan?
Sekula ez naiz bueltatzeko asmoarekin irten etxetik, baina ez dut bertan geratzea merezi duen tokirik topatu oraindaino.
•Oraindik ere bizirik daukazu bidaiatzeko grina?
Bai, beti gordetzen dut diru apur bat hil bukaeran, nire pentsio txikiak lagatzen didana, bidaiaren bat egiteko. Horrela, inoiz bidaiatzeko haizeak jotzen badit, txartela erosi eta hor noa. Dena den, ez diot sekula bidaiatzeari laga; irudimenarekin bada ere. Fisikoki bidaiatzeko ilusioa ez dut oraindik galdu, hala ere. Berriz Indiara itzultzeko gogoa daukat.
•Bidaia horietako bitxikeria mordo bat izango dituzu, ala?
Turkiako herri txiki batean miseria gorria zer den ikusi nuen behin. Soldaduak gosez hiltzen ari ziren herritarrei kamioietatik janaria nola botatzen zieten ikusi nuen. Iranen birritan izan naiz. Sha [enperadorea] oraindik agintean zegoenean behin, eta Jomeini aiatolak boterea hartu zuenean (1980), beste behin. Ez zegoen inolako kontrolik, eta Turkiatik autobusean sartu nintzen. Mugan geundela gazte batzuk, iraultzaren guardiak ziur asko, autobusean sartu ziren bidaiariak miatzeko asmoz. Niri ez zidaten tutik esan, bertakotzat hartuko ninduten-eta [barrez]. Gertaera historiko baten lekuko izan nintzen gero Iraneko hiriburuan, Teheranen. Trintxeraz inguratutako eraikin batekin topo egin nuen, kasualitatez. Estatu Batuetako enbaxada zen. [1979ko azaroaren 4an, ikasle iraultzaile multzo batek Estatu Batuetako enbaxadan sartu eta bertan zeudenak bahitu zituen. Berriki eratutako Irango Errepublika Islamikoaren sustatzaileek AEBei exijitu zieten xah edo enperadore ohia estraditatu zezaten, eta hark metatutako aberastasunak Irango botere berriaren esku utzi zitzaten. Algeriaren bitartekaritzari esker 444 egunen buruan amaitu zen okupazio hura].
•Zure bizar luzeak eta itxurak lagunduko zizun paraje horietan?
Ez beti. Afganistanera sartzen saiatu nintzen, baina ez zidaten laga. Beste batean, berriz, Argelian nengoela, Fidel Castrorekin nahastu ninduten gazte batzuek. Denbora asko ez zela bertan egona zen Fidel Castro, eta bere irudiz josita zeuden kaleak.
•Sasoi hartan ez zen oso ohikoa horrelako bidaiak egitea. Zer esaten zizuten herrian?
Oso gaizki ikusia nengoen. Askok ez zuten nire izateko era ulertzen eta edozer esaten zuten nigatik: droga asuntotan nenbilela, gaiztoa nintzela... Inoren menpean ez egotearen ondorioak ziren. Poliziak ETAkoa nintzela pentsa zezakeen eta ETAkoek polizia nintzela. Zorionez, ni beti gustura sentitu izan naiz nire lepoan.
•Bidaia horietako bitxikeria mordo bat izango dituzu, ala?
Turkiako herri txiki batean miseria gorria zer den ikusi nuen behin. Soldaduak gosez hiltzen ari ziren herritarrei kamioietatik janaria nola botatzen zieten ikusi nuen. Iranen birritan izan naiz. Sha [enperadorea] oraindik agintean zegoenean behin, eta Jomeini aiatolak boterea hartu zuenean (1980), beste behin. Ez zegoen inolako kontrolik, eta Turkiatik autobusean sartu nintzen. Mugan geundela gazte batzuk, iraultzaren guardiak ziur asko, autobusean sartu ziren bidaiariak miatzeko asmoz. Niri ez zidaten tutik esan, bertakotzat hartuko ninduten-eta [barrez]. Gertaera historiko baten lekuko izan nintzen gero Iraneko hiriburuan, Teheranen. Trintxeraz inguratutako eraikin batekin topo egin nuen, kasualitatez. Estatu Batuetako enbaxada zen. [1979ko azaroaren 4an, ikasle iraultzaile multzo batek Estatu Batuetako enbaxadan sartu eta bertan zeudenak bahitu zituen. Berriki eratutako Irango Errepublika Islamikoaren sustatzaileek AEBei exijitu zieten xah edo enperadore ohia estraditatu zezaten, eta hark metatutako aberastasunak Irango botere berriaren esku utzi zitzaten. Algeriaren bitartekaritzari esker 444 egunen buruan amaitu zen okupazio hura].
•Zure bizar luzeak eta itxurak lagunduko zizun paraje horietan?
Ez beti. Afganistanera sartzen saiatu nintzen, baina ez zidaten laga. Beste batean, berriz, Argelian nengoela, Fidel Castrorekin nahastu ninduten gazte batzuek. Denbora asko ez zela bertan egona zen Fidel Castro, eta bere irudiz josita zeuden kaleak.
•Sasoi hartan ez zen oso ohikoa horrelako bidaiak egitea. Zer esaten zizuten herrian?
Oso gaizki ikusia nengoen. Askok ez zuten nire izateko era ulertzen eta edozer esaten zuten nigatik: droga asuntotan nenbilela, gaiztoa nintzela... Inoren menpean ez egotearen ondorioak ziren. Poliziak ETAkoa nintzela pentsa zezakeen eta ETAkoek polizia nintzela. Zorionez, ni beti gustura sentitu izan naiz nire lepoan.
•Bidaiatzeaz, gainera, idaztea duzu gustuko, ezta?
Ez daukat ikasketarik eta akats ortografiko askorekin idazten dudan arren, ez aspertzearren hasi nintzen idazten soldadutzan. Etxera itzuli nintzenean, ezin nuen idatzi gabe egon. Lanera joaten nintzen eta etxera bueltatzean, ohean etzan –beti horrela idazten dut–, eta idatzi egiten nuen. Liburu bat ere idatzi nuen, Senderos del movimiento izenekoa. Lehen parteari honako izenburua jarri nion: La muerte y su yo, hacia los honores de la nada, eta bigarrengoari: Los huespedes de la infinita esencia. Hor idatzi nuen guztia, beste mundu batzuekin konexioren bat izango banu bezala, nire barrutik irten zen, ez zen inon ikusia edo ikasia.
•Asko kosta zitzaizun argitaratzea?
Jorge Oteizarengana jo nuen bere oniritzia jaso eta liburua argitaratzeko laguntza eskatzera. Arzuzara joan nintzen. Han agertu zen Oteiza bere Citroenean, emaztearekin. “Paper batzuk dauzkat zuretzako”, esan nion. “Ondo da, segituan amaituko dugu”, erantzun zidan, eta zera esan nion nik: “Segituan amaitzeko hobe da ez hastea”. Hura entzunda etxera sartzeko esan zidan. Liburua argitaletxe batera eramango zuela agindu zidan arren, asko luzatzen zela-eta, liburua berreskuratzera itzuli nintzen. Debako lagun batzuekin kontaktuan jarri ninduen, eta haiexek pasa zidaten nik eskuz idatzitako guztia makinaz. Azkenean nik neuk argitaratu behar izan nuen, hamar urteko ilobak egin zidan azalarekin. Etxean dauzkat mordo bat, 60-70 bat ale. Beste behin ere, Arantzazuko apostoluak egiten ari zen garaian, egin nuen topo Oteizarekin. Auto-stopean hartu ninduen bere autoan. Berbetan hasi orduko oso gogoko dudan heriotzaren gaia atera nuen, beste behin, eta Oteizak berak gogoko zuen gaia izanagatik, haren emazteari ez zion grazia zipitzik egin eta segituan haserretu zen.
•Heriotza aipatu duzula-eta zer gertatu zen hiltzat eman zintuen eskela harekin?
Orain dela bi urte aspalditik gogoa neukan gauza bat egin nuen: neure eskela jarri nuen kalean, abuztuaren 8an, nire urtebetetze egunean. Nola idatzita zegoen ikusita txantxa bat zela begibistakoa zen arren, batek baino gehiagok eman zizkion doluminak nire arrebari.
•Idazten jarraitzen duzu?
Bai, egunero. Idatzi nuen liburua, Senderos del movimiento, berridazten ari naiz. Honezkero hogei bat izenburu bururatu zaizkit, eta Rio, mitos y otros movimientos da oraingoz gehien gustatu zaidana.
•Zer iritzi duzu Elgoibarko herria eta elgoibartarrei buruz?
Ez diet estimu handiegirik. Elgoibartar askok gaizki hartu naute, nire belaunaldikoek batez ere. Koadrilakoekin ezin nezakeen nire kontuez berba egin eta gazteengana hurbildu behar izan nuen, haiek gutxienez barre egiten zieten-eta nik esandakoei. Soldadutzara joan nintzen gero eta itzultzean mendiak hartu zuen koadrila eta gainerakoen lekua. Mendian aurkitzen nuen lasaitasunak eta isiltasunak erakartzen ninduten. Sarri joaten nintzen Karakatera eta, batez ere, Izarraitzera. Asteburu ia guztietan joaten nintzen, baita neguan ere, bertako borda batean lo egitera. Neure begiekin ikusi nuen Kakutako gurutzea nola egin zuten. Herrira itzultzean izugarri gustatzen zitzaidan Lagun ondoan zegoen bodega batean antxoila bokadilo bat, ardo porroi baten laguntzaz, jatea. Beti bakarrik, nire munduan, inorekin berba egin gabe. Berbetan bazaude ez zaude eta zure munduan, besteenean baizik. Ezin da bi munduetan aldi berean egon. Inportantea da hori.
•Haragirik ez ei duzu jaten?
Berrogei urte daramatzat haragirik probatu gabe. Gogoan dut oraindik amari gehiago haragirik ez nuela jango esan nion eguna. 26 urte izango nituen. Nire barrutik etorri zen erabakia, eta ez inork ona zela esan zidalako. Gizaseme bat haragia jatea txarra dela esanez badatorkit, are gehiago jango dut nik. Sasoi hartan ez zen eztabaidatu ere egiten haragia jatea txarra ala ona den. Nire kasuan barrutik sortu zitzaidan instintu bat izan zen gehiago haragirik ez jateko erabakia. Gerora esnea eta animalietatik datozen elikagai guztiak jateari ere laga nion. Hala ere ez naiz begetarianoa, arraina jaten dudalako. Eta urik ere ez dut edaten, janarietan dago-eta behar dugun ur guztia. Egarririk eduki gabe zertarako edan ura.
•Orain beste jende ibiltzen al zen mendian Izarraitzen lo egiten zenuen sasoian?
Orain ez dakit zenbat jende ibiltzen den, baina orduan gutxi ibiltzen ziren eta hala hobeto. Isiltasuna zen nagusi.
•Mahats bilketan ere lan egindakoa zarela esan didate.
Bai. 1975eko eta 1994ko krisialdien ondorioz lanik gabe geratu nintzen eta Errioxara joan nintzen mahats bilketan aritzera. Haron egon nintzen behin eta gogoan dut jateko adina dirurik ere ez nuela. Hala, jatetxe bateko emakumeari ordaintzen zidaten arte jaten emango al zidan eskatu beharra izan nuen. Halaxe egin zuen eta ordutik ohiko bezeroa naiz bertan, ardozalea naiz-eta. Dirutza laga dut han. Bai horixe.
*Testua eta argazkiak: Asier Orbea