Zumaiako Aste Berdeko argazki rallya irabazi berri du Omar Ulaziak, bilduma onenaren saria (250 euro eta garaikurra), hain zuzen ere. Iaz ere lehen saria lortzetik gertu ibili zen Zarauzko Argazkizale Elkarteko kidea den elgoibartarra, baina bigarren sariarekin konformatu behar izan zuen.
Zarautzeko argazki rallyan, berriz, Omarrek ateratako argazkiak izan dira epaileen iritziz onenak, bai iaz eta baita aurten ere. Iaz, bilduma onenaren sariaz gain, argazki onenarena ere eskuratu zuen Zumaiako Flyschari ateratako argazki bati esker. Aurtengo lehiaketan bilduma onenaren saria irabazi du. Euskal Herri guztitik joandako 53 argazkilarik parte hartu zuten Zarauzko lehiaketan. Argazki onenekin osatutako bilduma ekainaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Zarauzko Torre Luzeako erakusketa gelan.
Argazki rallyetan egunean bertan jakiten dute parte hartzaileek ze gairen inguruan atera beharko dituzten argazkiak. Zumaiako Udalak Distira argazki elkartearen laguntzarekin antolatutako lehiaketako gaiak, esaterako, honako hauek izan dira aurten: Itzala, baratza, gizakion eragina, enborra, olatuak eta librea.