•Berrikuntzak selektibitatean
Unibertsitatera sartzeko proba berriak aurten jarri dira abian. Bi fase dituzte, fase orokorra, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dena, eta fase espezifikoa, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena.
Lehenengo datuen arabera, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) unibertsitatera sartzeko probak egiteko matrikula egina zuten 8.051 ikasleetatik 7.860k gainditu dute fase orokorra. Hortaz, ikasleen %97,63k aprobatu du selektibitatea, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.
•Zuhaitz Gurrutxaga eta Eñaut Elorrieta diploma banaketan
Arreiturre BHIk diploma banaketa ekitaldia egingo du datorren barixakuan, ekainaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Herriko Antzokian. Ekitaldi hori ZIGeko, Batxilerreko eta Zikloetako titulazioa lortu duten ikasle guztiei errekonozimendua adierazteko antolatutako jaia da. Bertan, ikasleei diplomak banatuko dizkiete, eta, urtero legez, gonbidatu bereziak ere parte hartuko dute, euren esperientzien berri emanez. Zuhaitz Gurrutxaga futbolari elgoibartarra eta Eñaut Elorrieta, Ken7 musika taldeko abeslari gernikarra izango dira aurtengo gonbidatuak.
Ikasturte honetan ohorezko matrikula lortu duten bost ikasleak ere, emakumezkoak denak, nabarmenduko dituzte ekitaldi horretan. Goiko argazkian ageri direnak dira (ezkerretik eskuinera: Alba Garcia, Nagore Alvarez, Rebeca Aizpiri eta Nora Landaluze. Argazkian Sara Martinez falta da).