Lariz eta Arrieta aurrean ibili dira Txindokiko kilometro bertikalean

elgoibarren.net 2010ko eka. 23a, 12:52

Iñigo Lariz eta Haritz Arrieta 15. eta 18. postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Txindokira egin den estreinako kilometro bertikalean. Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuiturako puntuagarriak diren lau probetatik bigarrena izan da Txindokikoa eta elgoibartarrak sailkapen nagusiko lehen hamarren artean sailkatuta daude oraingoz, Anbotoko kilometro bertikalean eta Txindokikoan eginiko lan txukunari esker.


 Iñigo Lariz sailkapen nagusiko 8. postuan dago eta 9. postuan, berriz, Haritz Arrieta. Hurrengo proba Azpeitiko Zuzenien kilometro bertikala izango da, uztailaren 4an, eta Beriaingo kilometro bertikala izango da azkena, irailaren 20an.

 Larizek zein Arrietak meritu handiko lasterketa egin zuten Txindokiko kilometro bertikala mendi lasterketan, parte hartzaile asko (184 lagun) eta maila handikoak izan zituelako probak. Maiatzean jokatu zen Anbotoko kilometro bertikaleko garaipenak errepikatuz, Diddier Zago frantziarra izan zen azkarrena gizonezkoetan, 34:33ko denborarekin. Emakumezkoetan berriz, Nerea Amilibia aiarra izan zen nagusi; 42:37ko denbora egin zuen.
•Hamar segunduko aldea elgoibartarren artean
  Elgoibartarrei dagokionez, Iñigo Larizek 39 minutu eta 49 segundo behar izan zituen proba amaitzeko. Larizek baino hamar segundo gehiago behar izan zituen Haritz Arrietak Txindokiko tontorrera ailegatzeko. Eguraldia lagun izan bazuten ere, aurreko egunetan botatako euriteek zorua guztiz lokaztuta eta oso bigun laga zutela nabarmendu zuen Larizek eta horrek are gehiago gogortu zuen berez gogorra den proba; parte hartzaileek 3,8 kilometroko ibilbidean 932 metrotako desnibela gainditu zuten.
 
 
 
* Argazkia: Jesus Eguimendia.