Eguenean eta barixakuan egingo da pintxo lehiaketa

elgoibarren.net 2010ko eka. 24a, 14:33

 
Euro baten trukean Elgoibarko hamabi tabernak II. Pintxo Lehiaketan parte hartzeko espresuki prestatutako pintxoak jateko aukera izango da gaur eta bihar. Arratsaldeko 19:00etan hasiko dira pintxoak zerbitzatzen, eta 22:00ak bitartean lehiaketako pintxoak jan, eta gustukoena bozkatzeko, aukera izango da. Bihar (ekainak 25) ere dastatu ahal izango dira pintxook; goizeko 11:30ean hasiko dira zerbitzatzen, eta 22:00etan amaituko da.


  Aurten, Elgoibarko hamabi tabernak parte hartuko dute, iaz baino bi gehiagok: Txarriduna, Iriondo, Gabi, King-kong, El Gautxo, Gorbea, Madigan´s, Iturri, Salento, Ametsa, Lanbroa eta Lojantzi, eta bakoitzak bere pintxoa aurkeztu du lehiaketara. Bigarren aldia da Pintxo Lehiaketa antolatzen dutela, eta iaz bezala, euro batean salduko dituzte pintxoak.
 Bi sari izango dira: Pintxo Onenaren Saria eta Herritarren Saria. Herriko hiru edo lau gastronomia elkartetako kideek eta Josu Mugertza Belaustegi jatetxeko sukaldariak osatzen dute aurtengo epaimahaia, eta haiek erabakiko dute zein den aurtengo pintxorik onena. Hala ere, herritarrek ere izango dute hitza. Pintxoak dastatzen dituztenek bozkatzeko aukera izango dute, eta boto gehien lortzen dituenak jasoko du bigarren sari hori. Bozketan parte hartzen dutenen artean, Belaustegi jatetxeko dastatze menua zozketatuko dute bi lagunentzat.