Beroak guztiz baldintzatu du aurtengo Hiru Handiak proba

elgoibarren.net 2010ko eka. 30a, 10:07

 
Gogorra, oso gogorra. Halakoxea izan da Hiru Handiak iraupen luzeko mendi martxa, bukatzea amaitu dutenen esanetan. Joan zen astean, hotzak eta euriak Quebrantahuesos infernu bilakatu zuten modu bertsuan, beroak eta ibilbidearen beraren gogortasunak amore ematera behartu zituen parte hartzaileetako asko eta asko Hiru Handiak proban. Irteeran batu ziren 1.306 lagunetatik 709k bukatu zuten proba, tartean Elgoibarko eta Mendaroko hamar lagunek.

 
 Hogeita lau orduan ehun kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten parte-hartzaileek, eta Gorbea (1.482 m.), Anboto (1.528 m.) eta Aizkorri (1.528m.) lotu. Aurreko urteetako ibilbide bera, baina atzekoz aurrera aurten.
 1.300 lagun inguru irten ziren Gopegitik barixaku gauerdian, baina askok laga zuten Araiara iritsi aurretik. Beroak eta ibilbidearen beraren gogortasunak amore ematera behartu zituen parte hartzaileetako asko (469 guztira).
 Elgoibartik eta Mendarotik ere joan ziren ordezkariak Morkaiko Mendizale Elkartearen izenean, eta Jose Ramon Sousa mendaroarrak egin zuen guztietan denborarik onena: hamalau ordu eta 47 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko.

•Elgoibartar eta mendaroarren sailkapenak (postua-izena-denbora)
  • 23 Jose Ramon Sousa  14:47:29
  • 49  Josu Mendikute  16:04:42
  • 67  Aitor Osoro  16:43:11
  • 87 Gotzon Zulaika 17:17:16
  • 100  Jesus Mari Astorkia 17:38:56 
  • 220 Oskar Goikoetxea 19:44:25 
  • 230  Tomas Arrieta 19:48:26 
  • 231  Tomas Peña  19:48:29
  • 273  Cesar Fidalgo  20:20:02 
  • 587 Pedro Alvarez De Pablo 23:10:08