Belaunaldien arteko loturak indartzeko proiektua jarri du martxan Udalak

elgoibarren.net 2010ko uzt. 1a, 11:04

 
Elgoibarko Udaleko Gazteria eta Gizarte Ongizate Sailek belaunaldien arteko proiektu bat jarri dute martxan. Programa honen helburua, aiton-amonak eta umeen arteko loturak indartzea da. Lehen saioan, ortuko lanak nola egin behar diren eta landareak nola landatu behar diren erakutsi zien Manuel Salegik Ludotekako haurrei.



 Ludotekako eta Elgoibarko Adinekoen Kontseiluko pertsona boluntarioen parte hartzeari esker jarri da martxan belaunaldien arteko proiektua. Adinekoak eta haurrak batera egongo diren elkarguneei esker, beraien arteko ezberdintasunek elkarrengan eragina izan dezaketela uste dute antolatzaileek. “Umeei, gero eta lotura gutxiago duten adin-talde bateko partaideekin harremanetan jartzeko aukera ematen die eta horretaz gain, normalean ezagutzarik izaten ez duten gaien inguruko jakintzak jasotzen dituzte”, azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. “Adinekoak joandako garaien ordezkari bilakatzen dira era honetan, eta oroitzapenei esker, gazteenei tailerren bitartez ahozkotasuna erabiliz, balore solidarioen kultura eskain diezaiekete”, gaineratu dute.

Umeak Kakatzako ortuan (Basarteko bidegurutzean).


Manuel Salegik urteetan pilatu dituen ezagutzak erakutsi zizkien gazteenei.