2006ko abenduaren 3an, San Bartolome parrokia aurreko zaharberritze lanak egin zituzten garai bertsuan, inauguratu zuten Usuako parkeko iturri ikusgarria: ur eta argi jolas deigarriak zituen. Hasiera batean, astegunetan, goizeko 08:00etatik 23:30era bitartean, eta asteburu eta jai-egunetan, egun osoan zehar martxan egongo zela iragarri bazuten ere, azken aldian gutxitan egon da funtzionamenduan. Iturria dagoen lekuan ume txikientzako parkea egingo dute.
•Madalako eta Plaza Handiko iturriak
Herri barruan dauden iturriak konpondu eta berritzeko jarduera-programa jarri du abian Elgoibarko Udaleko Hirigintza Sailak. Dagoeneko garbitu eta berritu dute Madalako elizaren parean, Iriondo tabernaren kanpoaldean dagoen iturri zaharra (1883koa dela jartzen du iturriaren goikaldean), eta aurki, Plaza Handian dagoen iturria konpontzen hasiko dira.